Aitor Elordik eta Jon Mariezkurrenak CaixaBank Mastersa irabazi zuten domekan, Iruñeko Nafarroa Arenan, Joseba Ezkurdia eta Jon Ander Albisu 16-22 menderatuta.
Finaleko lehen tantoa gorria izan zen arren, euren nagusitasuna erakutsi zuten laster Elordik eta Mariezkurrena II.ak. Hala ere, tartea zabaltzen saiatzen ziren bakoitzean, erantzun eta lehia berriro berdintzea lortzen zuten Ezkurdiak eta Albisuk. Markagailua 5, 6, 8, 9 eta 13 tantora berdindu zuten. Handik aurrera, ordea, mallabitarra eta berriozartarra abantaila handitzen joan ziren. Ezkurdiak eta Albisuk une oro maila mantendu zuten arren, ezin izan zuten urdinen pilotakada erakustaldia gelditu, eta 16-22 amaitu zuten finala.
Elordi izan zen finaleko protagonista nagusia, 11 tanto eginda, eta finaleko pilotari onena izendatu zuten. Mallabitarrak lehen aldiz jantzi du CaixaBank Masterseko txapela, laugarrenez irabazi duen Mariezkurrena II.arekin batera.
'Hiruko koroa'-ren bila
Garaipena ospatzeko ia astirik gabe, bakarkako lehia hasiko du bihar Elordik. Lau eta erdiko txapelketaren lehen kanporaketa jokatuko du, Iker Larrazabalen kontra, 21:15ean, Durangoko Ezkurdi frontoian. Palmaresean buruz buruko eta binakako txapelak izanik, hiruko koroa lortuko luke honako hau irabaziz gero.

Elordi, Nafarroa Arenako harmailetan zeuden neska-mutilekin. MIGUEL OSES.