Urriko Jaiak 2026

Motorren hotsa protagonista Urriko Jaien azken egunean

Garazi Mendieta

Domekan jokatu zuten Mallabiko V. Eslaloma, goizeko 10:00etan hasi eta arratsaldeko 15:00ak arte. Ikusle ugari bildu ziren ibilbidearen inguruan, eta giro polita sortu zen lasterketan zehar. 14 parte-hartzaile egon ziren guztira, 3 maila ezberdinetan banatuta.

Asier del Pozo, Eneko Goiriena eta Raul Perez izan ziren maila bakoitzeko garaileak; azken horrek lortu zuen sailkapen orokorreko lehen postua ere. Lander Urkijo bigarren izan zen, eta Unai Iparragirre hirugarren. Aurretik urte askotan probako garaile izandako Asier Tejado mallabitarrak, ordea, ezin izan zuen proba amaitu, arazo mekanikoen ondorioz.

Horrez gain, emakumeek lehiaketa hauetan duten parte-hartzea aitortu nahi izan zuten antolatzaileek, eta Naiara Aranceta Bilbatuari eman zioten horren harira saria. Gainerakoan, lasterketa gorabehera handirik gabe joan zen, eta giro izugarria nagusitu zen jardunaldian zehar.