Mallabiko Gaba Baltzaren bueltan egingo den suizidioaren inguruko saioan parte hartuko dute Begoña Vesgak, Agustin Erkiziak eta Eva Bilbaok. Azken biak Biziraun-en sortzaileak dira –gertuko pertsona baten suizidioa jasan duten senide eta lagunei laguntzeko elkartea–. 2003an haien 17 urteko semeak bere buruaz beste egitean eta horri aurre egiteko erakunde edo mediorik ez zutela ikustean sortu zuten, Bartzelonan eta Madrilen zeuden antzerako elkarteen laguntza jaso ostean. Haiekin batera izango da Begoña Vesga, gaur egun elkarteko ekintzaile eta batzordekide dena eta Markos Gimeno artista ermuarra galdu zuena 2018an, bere buruaz beste eginda.
Gaur, eguena, euren esperientziak partekatuko dituzte Kontzejuzarran, 19:00etatik aurrera. Horrez gain, Iluntasunetik argitasunera dokumentala proiektatuko dute. Sarrera librea izango da.
Bihar, jolasak umeentzat
Ekitaldi nagusiaren bezperan, urriaren 30ean –barikua–, ginkana egingo da parkeko gune estalian. 17:00etan hasiko da, eta Lehen Hezkuntzako 1. mailatik gorako gaztetxoei zuzenduta egongo da.