Beldur guztiak suaren bueltan erretzeko prest

Gaur ospatuko da Mallabiko Gaba Baltza, 'Iluntasuna piztu' ekitaldiarekin. Aurretik, tailerra egongo da Kontzejuzarran; ondoren, kantujira, salda, txorizoa eta 'Bataz nahiko' antzezlana, Eire Markina eta Elorri Katarainen eskutik. Goian, Mallabiko Gaba Baltzako kideek San Martin ermitan grabatutako bideoa, eguna iragartzeko.

Urriaren 31 zapatua da aurten eta herritar gehienek parte hartu ahal izango dute festan. Ilundu aurretik, kalabazak husteko eta aurpegia margotzeko tailerrak egingo dira Kontzejuzarran. 18:00etan hasiko dira, eta parte-hartzaile bakoitzak bere kalabaza, tresnak eta mantala eraman beharko ditu. Antolakuntzak gogorarazi du ume bakoitzak gutxienez heldu batez lagunduta joan beharko duela. Tarte horretan photocall-a egongo da plazan.

Ekitaldi nagusia, Iluntasuna piztu, 19:00etan egingo dute; eguraldiaren arabera, plazan edo elizpean. Kalabazak piztu, argiak amatatu, suaren inguruan dantzatu, koplak abestu eta beldur guztiak erretzeko momentua izango da. Ondoren, herrian zeharreko kantu-erronda egingo dute, eta opil txorizodunarekin eta salda beroarekin bukatuko dute plazan.


Iazko Gaba Baltzeko 'Iluntasuna piztu' ekitaldia. MALLABIKO GABA BALTZA

Iaz, Ruben Markinak Madarikaostiok! antzezlana egin zuen, eta arrakasta handia izan zuen. Aurten, Eire Markinari eta Elorri Kataraini egin diete proposamena, eta onartu egin dute. Hala, Gaba Baltzaren egunean eta ekitaldi nagusia bukatu berritan –20:30 aldera–, Bataz nahiko antzezlana egingo dute, 16 urtetik gorakorentzat. Amezaga jauregian hasita, 1889an bertako jabe izandako Jose Maria Marquina, alkate izendatu bezperan, herrigunean tiroz hil zuten unea eta osteko ikerketa irudikatu dute.

Mallabiko ospakizuna, erreferente Euskal Herrian

Antolatzaileek nabarmendu dute Gaba Baltza herri-ekimen parte-hartzailea izatea lortu dutela eta herritarren inplikazioari esker osatzen dela horrelako egitaraua. Norberaren lana "ondo egindako lan" bezala ikustea ederra da, eta datorren astean uste hori konfirmatuko dieten herritar askoren zorion-mezuak jasoko dituzte, ziur. Baina, batzuetan, zeharka ere ailegatzen dira aitortzak. Horren adibide da Taupa Mugimenduak, besteak beste, Mallabiko Gaba Baltza aukeratu duela Arimen Gauaren inguruan ekoizten ari den dokumentalean agertzeko; txikitik eraginda, Euskal Herri mailan erreferente izatea lortu duen seinale.

Grabazio lan-taldea gaur arratsaldean izango da Mallabian. Guraso edo tutoreren batek seme-alaben irudirik agertzerik nahiko ez balu, Gaba Baltzaren arduradunetako bati jakinarazteko eskatu dute, beharrezko neurriak hartu ahal izateko. Gainontzean, herritar guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera eta ospakizunaz gozatzera.