Azaroaren 2an, Enerpac-ek Mallabiko Urtia industrialdean duen lantegia ixteko asmoa salatu zuen LAB sindikatuak. Multinazionalak, itxierarekin batera, 43 langileak kaleratzeko asmoa zuela jakinarazi zuen, eta sindikatuak erabakia bertan behera uzteko eta jarduerari zein lanpostuei eusteko alternatibak bilatzeko eskatu zion. LABek azaldu zuenez, fakturazioa ez da arazoa izan, izan ere, Enerpac taldeak azken ekitaldi fiskalean errekorra lortu zuen.
Gaur egin dute EEEaren lehen kontsulta-bilera. LABek espedientea bertan behera uzteko eskaera egin du berriz ere, eta negoziazio-mahai bat irekitzea proposatu. Besteak beste, jarduerari Enerpac-en barruan eustea edo lantegia beste enpresa bati saltzea proposatu du. Zuzendaritzak, ordea, uko egin dio EEEa bertan behera uzteari. Interesdun baten eskaintza serioa jasoz gero aztertuko lukeela adierazi du, baina ez du erosle bat aktiboki bilatzeko konpromisorik hartuko.
Erabakia hartu aurretik erosle posibleak bilatu dituela ere adierazi du enpresak, baina ez duela eskaintzarik jaso. LABek zalantzan jarri du bilaketa hori, enpresak ez baitu egindako kudeaketen, harremanetan jarritako enpresen edo proposatutako baldintzen inguruko dokumentaziorik aurkeztu. Horrenbestez, informazio hori egiaztatzeko eta EEEa orain abiatzeko arrazoiak azaltzeko eskatu dio. Itxieraren arrazoiei dagokienez, Mallabiko ekoizpena taldearen beste lantegi batzuetara eramatea dela azaldu du; zehazki, Herbehereetara eta Madrilera.
LABek Eusko Jaurlaritzarekin, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Mallabiko Udalarekin bilerak eskatuko dituela jakinarazi du, "erakundeek alternatibak bilatzen eta 43 lanpostuak mantentzen lagun dezaten".