Bihar, zapatua, 10:30ean ekingo diote Mallabitarrok Eginaren 15. edizioari. Elizpean elkartuko dira, bertan jokatzen den –eta Urriko Jaietan Uzuriaga eta Martinen garaipenarekin bukatu zen– txapelketaren istorioa ezagutuko dute, Koldo Praderaren eskutik.
11:00 aldera, pilotalekura abiatuko dira, bertan egingo den solasaldia entzutera. Itsaso Pradera Mallabiko pilotaren historiaz mintzatuko da, Estibalitz Gonzalezek antzinako erraketisten istorioak kontatuko ditu, Aitor Elordik errepasoa egingo dio bere ibilbideari eta Jare Landak eta Naroa Martinezek emakume gazteek pilotarekin duten harremanaz hausnartuko dute.
Ondoren, 12:30ean, udazkenera atzeratu zen Ez esan! galdera-erantzun lehiaketaren finala egingo da, parkeko aterpean. Rober Rodriguezek eta Estibalitz Gonzalezek erakutsi dute Mallabiari eta mallabitarrei buruz gehien dakitenen artean daudela aurreko aldietan; oraingoan, Maite Unzurrunagaren, Leixuri Solozabalen, Enara Arronategiren eta Maribi Carrilloren artean dago lehia. Irabazleak Berbalagunen opari-sorta jasoko du, eta, 13:30ean, bertaratutako guztientzako mokadutxoa egongo da.

Parte hartu nahi dutenek 663 07 04 92 Whatsapp zenbakira idatzita edo Kultur Etxera bertaratuta eman dezakete izena.