Gabonetako oporraldiaren hasiera saltaka ospatu dute gaur Mendaron eskola-umeek. Urtero moduan, Mendarozabalen egokitu dute zirkuitua Mendaroko Txirrindulari Elkartekoek, eta adinka banatuta egin dute korrika umeek. Lehen Hezkuntzako lehenengo mailakoena izan da eguneko lehenengo lasterketa, eta LH6ra arteko guztiak multzoka aritu dira lasterka. Haur krosa bukatzeko Haur Hezkuntzako eskola-umeei ere eman diete korrika egiteko aukera. Denak emanda aritu dira haurrak, nahiz antolatzaileek behin eta berriz gogoratu duten lehiatzeko baino gehiago elkarrekin kirola egiteko eguna zela gaurkoa eta, beraz, ez zela irabazle bat izango. Izan ere, haurren artean kirolerako zaletasuna sustatzeko asmoz antolatzen dute Haur Krosa. Bukaeran, denek jaso dute beren saria: txokolate ogitartekoa eta freskagarri bana.