Etxeberriaren azken hamar bat urtetako eskultura eta instalazioak proiektatuko dituzte pantaila handian, eta hitza jarriko die Andoni Salamero olerkariak, zuzeneko musikarekin lagunduta. Aitor Furundarena soinu-jotzailea eta Juan Arriola eta haren alaba Nerea eta Maddi biolin-jotzaileak arituko dira egiteko horretan.
Ikuskizun berritzailea da aurkeztu duzuen hau Mendarorako. Nolatan bururatu zitzaizuen, eta nola sortu zen zuen arteko harremana?
Azpeitian erakusketa bat jarri nuenetik ezagutzen nuen Andoni Salamero, hura aritu zelako orduan hitzez nire lana azaltzen han, bai eta gerturatu zirenekin solasaldi halako bat dinamizatzen ere. Eta duela urtebete inguru, antzeko zerbait egitea proposatu zidan. Kontua da Mendaron ez nuela ikusten eskultura lanak erakusgai jartzeko leku handirik, eta horregatik baliatu gara proiektoreaz. Eskultura, poesia eta musika uztartuko dituen ikuskizun berritzailea izango da Mendarorako Oreka-Desoreka.
Ibilbide luzea egin duzu zuk eskulturgintzan; koka dezagun denboran: zure obraren zer parte egongo da ikusgai?
Batez ere, azken hamar-hamabi bat urteetan egindako eskulturen eta instalazioen irudiak erakutsiko ditugu.
Hainbat diziplina uztartuko dituzue oholtzan. Nola egingo duzue?
Irudiak poesiarekin jantziko ditu Salamerok, eta hamar bat iruditik behin eten bat egingo dugu musikari tartea egiteko. Hamahiru bat etenaldi izango dira guztira, eta lau musikari arituko dira oholtzan: Aitor Furundarena soinu handiarekin, Juan Arriola mendaroarra gitarrarekin eta haren alaba Nerea eta Maddi biolinarekin. Proiektatuko dugun irudi multzo handi bat Torreirako hondartzan (Portugal) egindako instalazioenak eta eskulturenak dira. Hondartza basatia da Torreirakoa, kilometroetako hareatza zabala eta duna-gune handiak dituena. Itsasoko ur asaldatuak eta Aveiroko itsasadarreko ur bareak nahasten dira han, eta sortzen den horrek liluratuta utzi ninduen ezagutu nuenean. Han egindako argazki batzuekin pieza bat osatu nuen gero, eta gerora, zazpi bat urtean joan naiz hara. Ibilian-ibilian sortu izan ditut instalazioak han, itsasoak ekarritako materialarekin. Land-art deitzen zaio gaur egun horri, eta, azken batean zera da: natura –egurra, lurra, harea, haizea...– material gisa erabiltzea bere baitan esku hartzeko. Era berean, beste jende batek hondartzan sortutako lanak ere ikusi ahal izango dira. Zerbait iradoki didaten lanak dira; nire begiradatik, artea diren lanak.