Euskal selekzioko mendi lasterketetako hautatzaile izendatu dute Maite Maiora, Jokin Garai oñatiarrarekin batera

Ainara Argoitia Arano 2025eko abenduaren 27a

Euskal Mendi Federazioaren baitako Mendi Lasterketetako Batzordeak joan den abenduaren 4an Bergaran egin zuen bileran izendatu zituzten euskal selekzioko hautatzaile berriak: Maite Maiora mendaroarra eta Jokin Garai oñatiarra.

Hautatzaile berriak ez ezik, gainerako batzordekideak ere aurkeztu zituzten; tartean, eskualdeko hiru: Iosu Juaristi elgoibartarra, Gotzon Zulaika mendaroarra eta Atharratze Beristain mutrikuarra. Hiru horiez gain, honako hauek osatzen dute batzordea: Joseba Usabiagak, Jone Zelaietak, Janire Agirrek, Paul Goitisolok eta Mireia Triguerosek.

Eskarmentu handikoak dira bi hautatzaileak. Maiorak, esaterako, hamabost urtetik gora daramatza mendi lasterketen munduan, eta konta ezin beste garaipen eskuratu ditu. Hasteko, birritan izan da munduko txapeldun, maratoian eta ultramaratoian. Munduko Kilometro Bertikalen Txapelketan txapeldunorde izandakoa ere bada, bai eta Munduko SkyExtrem kopako txapelduna ere. Entzute handiko lasterketak irabazi ditu atzerrian, Tromso, Livigno eta Gran Paraiso, esaterako, eta etxean, Zegama-Aizkorri mendi-maratoia irabazitakoa da, 2017an; irabazi ez ezik, errekorra ere ondu zuen orduan. Halaber, hirugarren eta bosgarren egindakoa da Mont Blanceko Ultra Trailean. Horregatik guztiagatik, munduko lasterkari osoena izendatu zuten 2017an.

Jokin Garai, berriz, 2008an hasi zen mendian korrika, eta Aloñako Igoeran egin zuen debuta. 2015ean, G2H lasterketa irabazi zuen, Euskal Herriko Ultra Trail Txapelketa zena, eta, urtebete geroago, 2016ko Hiru Handiak proba irabazi zuen. Euskal Herrian, Estatuan nahiz nazioartean lehiatu da, eta garaipen ugari pilatu ditu, harik eta lesio batek mendi lasterketak lagatzera behartu zuen arte. Azkeneko lau urteotan mendi lasterketetako batzordeko kide izan da.

EMF-ko Mendi Lasterketetako Batzorde Berria (argazkian Jone Zelaieta eta Gotzon Zulaika falta dira)