Aranerrekatik iritsiko dira Errege Magoak Mendarora eta Presapen itxarongo diete herritarrek

Ainara Argoitia Arano 2026ko urtarrilaren 4a

Bihar, urtarrilak 5, iritsiko dira Mendarora Errege Magoak, Aranerrekatik. 18:00etarako espero dituzte Presape parean.

Arno guraso elkarteak eta Mendaroko Udalak elkarlanean antolatuko dute biharko Errege Magoen desfilea. Azkeneko urteetan bezala, Aranerrekatik behera etorriko dira hiru erregeak eta haien laguntzaileak, eta Presapen zain izango dituzte herritarrak. Kilimon ibilbidetik barrena ikastolarainoko bidea egingo dute ondoren, Ameikutz musika eskolako trikitilari eta txistulariek lagunduta, eta Trinitateko baselizan amaituko dute kalejira. Han, umeen gutunak jasoko dituzte.