Abenduaren 29tik aurrera 12:00etan itxiko zaie Herriko Enparantzarako sarrera ibilgailuei

Ainara Argoitia Arano 2025eko abenduaren 22a

Abenduaren 29tik aurrera goizez bakarrik sartu ahal izango dira ibilgailuak Herriko Enparantzara, salbuespenak salbuespen. Sei hilabeteko probaldia izango da, behin betiko erabakia gero hartuko baitute, aldeko eta kontrako ondorioak aztertu ostean.

Azaroaren 26an udaletxean egin zen bilera informatiboan alkateak aurreratu zuen moduan, Herriko Enparantzako ibilgailuen sarrerak beste ordutegi bat izango du abenduaren 29tik aurrera. Lanegunetan, 08:00-12:30ak bitartean, libre izango dute sarrera ibilgailuek, baina ordutegi horretatik kanpo, itxita. Jaiegunetan, berriz, egun guztian zehar izango dute sarrera itxita. 

Udaletik jakinarazi dute sei hilabeteko probaldia ezarriko dutela, neurri berriaren onura eta desabantailak aztertzeko, eta emaitzak aztertu ondoren hartuko dutela behin betiko erabakia.  Neurri hori 2024ko maiatzetik azarora egin zuten Kaleak DenONAK planean dago jasota. Mendaroko espazio publikoen inguruko parte-hartze prozesu baten bidez gauzatu zuten plana, eta han jaso zuten ibilgailuen joan-etorriak murriztuta Herriko Enparantzan, plaza eta inguruak "leku lasaiago eta seguruagoa" bihurtzea, Mendaroko bizitza soziala garatzeko eta indartzeko.