San Agustin kulturgunea bete egin da Ameikutz musika eskolakoen Gabon aurreko jaialdian

Ainara Argoitia Arano 2025eko abenduaren 23a

Gabonetako oporraldia hartzeaz batera urtero egin ohi duten moduan, Gabon Kontzertua eman zuten atzo Mendaroko Ameikutz musika eskolako ikasle eta irakasleek, San Agustin kulturgunean. Aretoa bete egin zen emanaldirako.

Trikitixako bi ikaslek hasi zuten kontzertua, eta haien atzetik taldetxotan batuta igo ziren oholtzara ikasleak. Abesbatzakoek Mikel Laboaren Hegazti errariak kantuarekin ekin zioten kantuari, eta guztira bost kantu interpretatu zituzten, Laboaren Hegazti errariak kantuaz gain: Benito Lertxundiren Gure bide galduak, Oskorriren Gaztelugatxe, Xabier Leteren Xalbadorren heriotzean eta Gabon kantu herrikoen pot-purri bat. Ondoren, trikitila eta pandero-jolez, gitarra-jolez eta bateria-joleaz osatutako konboak hartu zuen oholtza eta Izaro abeslariak Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoekin batera sortutako Olentzero kantua jo zuten.  Txistularien txanda izan zen gero, eta haiek beste bi kantu interpretatu zituzten: Eltxo Marixa eta Joxe Anton fandangoa.

Etenik gabe egin zuen aurrera jaialdiak, eta gozatu zuen publikoak. Piano jotzailearen, biolin-joleen eta beste bi konbo talderen txanda etorri zen gero. Gabon  kantak jo zituzten biolin-joleek, eta Mirua taldearen Salda badago eta Oilar Beltzak taldearen Atariko oilar beltza beste bi konbo taldeek. 

Bukaeran, esatari lanak egin zituzten bi ikasleek eskerrak eman zizkieten Gararock taldekoei, jaialdian argiaren eta musikaren ardura hartzeagatik, eta urtarrilaren 7ra arte agurtu zituzten ikaskideak. Aurrez, baina, bihar, abenduaren 24an, Olentzero eta Mari Domingiri egingo dieten ongietorrian parte hartzera deitu zituzten entzule guztiak. Izan ere, Ameikutz musika eskolak antolatzen du urtero Mendaron Olentzero eta Mari Domingiren kalejira, herriko beste zenbait eragileren laguntzarekin, tartean Udalaren, Mendaroko Gazteak dantza taldekoen eta herriko bertso eskolakoen laguntzarekin. Garagartzan, Moxuaneko parean hasiko dute kalejira, 17:00etan.