Moxuaneko atarian egingo diete bihar ongietorria mendaroarrek Olentzero eta Mari Domingiri

Ainara Argoitia Arano 2025eko abenduaren 23a

Dena prest dute Mendaron bihar Olentzero eta Mari Domingiri harrera egiteko. Garagartzan, Moxuaneko atarian, egingo diete ongietorria, 17:00ak aldera, eta kalez kalekoak amaituta, Trinitate baselizan agurtuko dituzte gero, beren bideari jarrai diezaioten.

Ameikutz  musika eskolak antolatuko du biharko harrera, eta 17:00etarako Moxuaneko atari aurrera agertzeko eskatu dute. Hantxe itxarongo diete Olentzero eta Mari Domingiri herritarrek, elkarrekin kalejira hasteko. 2014an zendu zen Antonio Iriondo Kapainek eta iazko eta iazko maiatzean hil zen Agustin Lazarobaster Torre zenak eraiki zuten traktorea prest izango dute han Olentzerok eta Mari Domingik, opariz karga-karga eginda, eta hara igo eta kalez kale ibiliko dira ondoren, Ameikutz musika eskolako txistulariek eta trikitilariek lagunduta. 

Kapainek eta Torrek hain maitea zuten Trinitate baselizan amaituko dute kalejira, eta han, Mendaroko Gazteak dantza taldeko haurrek agurra dantzatuko diete Olentzero eta Mari Domingiri. Bertso eskolako bertsolari gaztetxoek ere parte hartuko dute ekitaldian, eta kopla bana kantatuko dute haiek. Harrerakoak amaituta, haurren gutunak jasoko dituzte, eta beren bideari jarraituko dute gero, luzea izango baitute biharko eguna.