Ameikutz musika eskolako txistulariek lagunduta egin dute Olentzero eta Mari Domingik Garagartzatik Mendarozabalera arteko bidea, traktore zaharrean. Agustin Lazarobasterrek eta Antonio Iriondok egokitu zuten bere garaian traktorea eta haiek hasitako bideari jarraitzen diote orain Agustin zenaren seme Gaizka Lazarobasterrek eta suin Pello Agirregabiriak. Haiek biek egin dituzte gaur ere gidari lanak, eta zuzen-zuzen eraman dituzte Trinitate baselizaraino gure gaurko bi protagonistak.
Baseliza bete lagun zuten han zain ordurako, eta Ameikutz musika eskolako trikitilarien aurretik sartu dira barrura. Urduritasuna nabaria zen ume askoren aurpegietan, eta gutuna eskuan dutela ikusi ditugu ume txiki asko gurasoen altzoan. Olentzerok eta Mari Domingik zain zuten Paul Lopez ere, gaur aurkezle lanak egin dituen mendaroar gaztea. Hark gidatu du ekitaldia. Aurkezpen labur baten ondoren, Mendaroko Gazteak dantza taldeko dantzari gazteenek agurra dantzatu diete Olentzero eta Mari Domingiri, eta kantuan egin dute gero guztiek batera. Ondoren, Mendaroko bertso eskolako bertsolari gaztetxoek kopla bana kantatu diete, eta berriro hartu dute mikrofonoa Olentzerok eta Mari Domingik. Mendaron talentudun jende asko dagoela argi gelditu da gaurko ekitaldian ere, eta hori ikusita-edo, Mari Domingi bera ere animatu da bertsotan egitera. Bertsolari ibilitakoa zuen osaba Mari Domingik, eta haren etorri berekoa dela erakutsi du, herritarrak agurtu eta beren bidea hartu aurretxoan.