Amagoia Basurto Urain, Egoitz Horrillo Furundarena eta Anuska Goenaga Basurto dira TxokoTxiki2025 proiektuaren sustatzaileak. Mendaroko Motxaila Elkarteko kide dira aurreneko biak, Amagoia eta Egoitz, eta martxoan ospatuko duten Motxaila Egunerako proiektu baten baitan sortu dute ipuina. Eskulanetan trebeak dira bata zein bestea, eta miniaturazko figuratxoak sortzen ari dira mendian topatutako adaska eta bestelakoekin nahiz itsasoak ekarritako materialarekin. Martxorako bukatu nahi dute. Ez dira, baina, geldi egotekoak, eta Gabonetan, beste proiektu honekin animatu dira, adimen artifiziala lagun hartuta.
"Lehen asko idazten nuen, baina orain astirik ez daukat horretarako, eta horregatik, buruan nituen ideiak bildu eta adimen artifizialari eman nizkion, ipuin bat sortzeko aginduarekin batera. Gaztelaniaz sortu zuen ipuina, ekarri dut euskarara ahal izan dudan moduan, eta grabatu dugu", azaldu du Amagoia Basurtok. Ipuina Mari Domingiri eskaini diote, bere lekua behar zuela iritzita. Izan ere, Olentzeroren itzalean sentitu izan dute beti Mari Domingi. Ipuina bera magia ukitu handikoa da, eta grabatu ere inguru ikusgarri eta magikoan grabatu dute, etxetik bertan. Edizio lanak Anuska Goenagak egin dizkie, eta Ainara Quirogak, Estela Reyesek, Maialen Basurtok eta Libe Zulaikak jarri diote ahotsa ipuinari, txandaka.
Ipuina kapituluka ematen ari dira, Instagrameko Txokotxiki2025 kontuan.