Zirrara eragin du Aitor Etxeberriaren obran oinarritutako 'Oreka-Desoreka' ikuskizunak

Ainara Argoitia Arano 2025eko abenduaren 27a

Aitor Etxeberria eskulturagilearen azken hamar-hamabi urteotako obran oinarritutako 'Oreka-Desoreka' ikuskizuna eman zuten atzo Mendaron. Etxeberriaz gain, bost artista handi aritu ziren oholtzan: Andoni Salamero poeta, eta Aitor Furundarena, Juan Austin Arriola eta azken honen alaba Nerea eta Maddi Arriola musikariak. Hemen atzoko emanaldiko pieza bi.

"Gaur aurkeztutako irudi eta eskulturek oreka desegonkorra iradokitzen dute. Grabitatearen eta ironiaren arteko jolas bat. Formek itxurazko prekariotasunean, absurdoaren monumentuak dirudite: hibrido artefaktuak denboren eta memoriak bere funtzio originalak berriz konfiguratu izan balituzte bezala". Hitz horiek irakur zitezkeen San Agustin kulturguneko atarian banatu zuten ikuskizunaren aurkezpen-orrian. Aitor Etxeberria eskulturagile mendaroarraren azken hamar-hamabi urteotako instalazio eta eskulturen irudiak proiektatu zituzten pantaila handian, Andoni Salamero poetaren hitzek lagunduta, eta zuzeneko musikarekin jantzita. Izan ere, hamar bat iruditik behin etena egiten zuen Salamerok, musikari tartea egiteko. Punta-puntako musikarien emanaz gozatzeko aukera izan zuten ikus-entzuleek ordubete inguru iraun zuen saioan. Bukaeran, txalo zaparrada handia jaso zuten artistek, zirraragarria izan baitzen ikuskizuna.