Adriano Galantek kontzertua emango du Mendaron urtarrilaren 9an

Ainara Argoitia Arano 2026ko urtarrilaren 6a

Toda una alegría azken lana besapean duela etorriko da urtarrilaren 9an Adriano Galante musikaria Mendarora. San Agustin kulturgunean emango du kontzertua, 21:30ean hasita. Sarrerak salgai daude Uztargi tabernan, 15 euroan. 

Orain arte Seward taldeko abeslaria eta hamaika proiekturen bultzatzailea izan den Adriano Galante abeslari, musikari eta performerrak kontzertua emango du urtarrilaren 9an Mendaroko San Agustin kulturgunean. Toda una alegría diskoa argitaratu berri du Galantek Halley Records Kataluniako zigiluaren eskutik eta hura aurkeztera dator. Judit Neddermann abeslari eta konpositorearekin, Arnau Figueres bateria jotzailearekin eta Meritxell Neddermann abeslari eta pianistarekin batera ekoitzi du Toda una alegría diskoa Galantek, eta punta-puntako musikarien kolaborazioak izan ditu: Silvia Pérez Cruz, Ana Tijoux, Maria Arnal, Refree, Rita Payés, Pol Batlle eta b1n0 artistenak, besteak beste. Baina horiez gain, Judit eta Meritxell Neddermannek ahotsa jarri dute bi abestitan, eta Seward taldeko kideek ere parte hartu dute beste zenbait kantutan: Pablo Schvarzman, Juan R. Berbín, Marcel · lí Bayer eta Martín Leiton. Albumeko azken abestian, berriz, Tarta Relena, Maestro Espada, Lucía Fumero eta Júlia Colomek ere kolaboratu dute. 

Pertsonok poztasuna lortzeko ditugun modu desberdinak aztertzen ditu Galantek diskoan. Hala dio hitzez hitz, aurkezpen-gutunean: "Poztasuna lortzeko ditugun modu desberdinak aztertuko ditugu: itsasoan igeri egiteko ekintza hutsetik hasi eta lanez aldatzera, nahi gabe norbaitengandik zerbait ikastera, adiskidetasuna ezagutzeko, bizitza zure aurrean pasatzen ikusteko edo ezinbestean maite duzun norbaitengandik urrun egoteko gai izatera". Hamabi abesti bildu ditu diskoan, eta Adriano Galante bareago eta intimoago bat suma daiteke haietan.

Kontzertua San Agustin kulturgunean izango da, eta sarrerak salgai daude, Mendaroko Uztargi tabernan, 15 euroan. Mesa7 kultur taldeak antolatu du kontzertua, Udalaren eta Gararock taldekoen laguntzarekin.