Giro ona nagusi Mendaroko San Silbestre herri lasterketan

Ainara Argoitia Arano 2025eko abenduaren 31

Bizar zuri eta haren orein taldea, apaiza, udatiar saldoa, hartz arrea, emakume haurdunak, printzesak, eskiatzaileak, beharginak... korrika agurtu dute denek gaur urtea Mendaroko San Silbestre herri lasterketan. Mendaroko Txirrindulari Elkarteak antolatu du, eta 91 lagunek parte hartu dute guztira.

Sekula ez da da hainbeste jende batu Mendaroko San Silbestre herri lasterketara mozorrotuta, baina aurten, antolatzaileek iragarria zuten mozorro onenak saria izango zuela, eta erantzun dute herritarrek; irudimen handiz erantzun ere. 17:00etan puntuan hasi dute lasterketa 91 korrikalariek. Bost ziren guztira osatu beharreko kilometroak; bi itzuli herriari, lehenengoa tropelean, denak elkarrekin, antolatzaileek zabaldutako zintaren atzetik. Bigarren itzulirako, baina, aurreratu dira nerabeak. Zer den sasoiko egotea!

Nolanahi ere, gaurkoa ez zen lehia edo norgehiagoka, ezpada jaia, elkarrekin kirola eginez urteari agur esateko aukera paregabea. Eta halaxe hartu dute mendaroarrek. Herriko Enparantzatik pasatzean ajuri itxurakoa botatzera ausartu denik ere izan da mozorrotutakoen artean eta, hauspoak berotuta izan arren, txantxetarako prestu agertu dira parte-hartzaileak. Enaitz Iraolagoitia izan da helmugaratzen azkarrena, baina gaur, umoreak eta jai-giroak irabazi dute Mendaron. Mozorro onenaren saria, berriz, Bizar zuri eta haren orein kuadrillarentzat izan da. Mendaroko Galle-tiak gozotegiko gozoak jaso dituzte saritzat, urtea gozo-gozo amaitzeko.