Presapen, Gaizka Lazarobasterrek eta Pello Agirregabiriak gidatutako traktore dotorera igo dira hiru erregeak. Zain zituzten han bidean argi egiteko inguratu zaizkien eskola-umeak kriseiluak eskutan hartuta, bai eta ongietorrira batu diren dozenaka herritar ere. Traktorean egin dute Trinitate baselizara arteko bidea erregeek, bidean geldialdiak eginez haurrei goxokiak banatzeko. Herriko Enparantzan egin dute bigarren geldialdia, eta Mendarozabalerantz egin dute gero handik, zuzenean Trinitatera igotzeko.
Eliza bete lagun zuten ordurako zain han, kanturako batu diren haurrak lehenengo ilaretan zirela. Gartxot Fidalgok egin ditu aurkezpen lanak, eta Arno guraso elkartekoek altare pare horretan jarritako besaulkietan eseri dira hiru erregeak. Aurkezleak egindako galderei erantzun diete aurrena erregeek, eta haurrek kantuan egin diete gero. Ondoren, gutunak entregatzeko aukera izan dute herritarrek, eta haiengana gerturatu eta azken ordukoak belarrira esateko aukera ere izan dute txikienek. Haurren kontuak entzun ez ezik, goxokiak ere banatu dituzte erregeek, eta haien altzoan jarrita argazkiak egiteko baliatu dute askok eta askok, ez baita beti erregeak hain gertu izateko aukera izaten.
Hona hemen Arno guraso elkartekoek zabaldutako bideoa: