Daniel Juarez saxofoi-jotzaileak eta haren taldeak kontzertua emango dute Mendaron urtarrilaren 24an

Ainara Argoitia Arano 2026ko urtarrilaren 19a

Daniel Juarez saxofoi-jotzaileak kontzertua emango du urtarrilaren 24an Mendaron, taldearekin. San Agustin kulturgunean izango da kontzertua, 21:30ean hasita, eta sarrerak Uztargi tabernan daude salgai, 15 euroan. Mesa 7 elkarteak antolatu du, Gararock taldekoen, Uztargi tabernakoen eta Mendaroko Udalaren laguntzarekin.

Daniel Juarez 1992an jaio zen Talavera de la Reinan (Toledo, Espainia).4 urterekin hasi zen aitaren eskutik jazza, latin jazza eta jazz fusioa ezagutzen. 10 urterekin, saxofoia jotzen hasi zen gero bere herriko Eusebio Rubalcaba Udal Musika eta Dantza Eskolan, eta geroago, Madrilera joan zen. Pianoa eta harmonia ikasi zituen han, Musika Sortzaileen Eskolan. 2011an  Euskal Herriko Goi Mailako Musika Kontserbatorioan (Musikene) sartu zen Jazz Saxofoiaren Interpretazio modalitateko Musikako Goi Mailako Titulua lortzeko. Ondoren, masterra egin zuen Herbehereetako Prince Claus kontserbatorioan, eta New Yorkera jo zuen gero, Queens College of Music eskola entzutetsuan ikasteko. 2017az geroztik Madrilen bizi da, eta saxofoi jotzailea, konpositorea eta irakaslea da.

Nolanahi ere, Mendarora ez da bakarrik etorriko, taldearekin baizik. Harekin batera beste hiru lagun arituko dira oholtzan: Naima Acuña (bateria), Pablo Martin  (kontrabaxua), eta Moises P. Sanchez (pianoa). Ondorengo bideoan, Iñigo Lopez de Gordejuela mendaroarra ageri da pianoan.