Saio horietan, Arno guraso elkarteko ordezkariek eta eskola kirolaz arduratzen den Abilion enpresako ordezkariek parte hartu dute, udal teknikariez eta zinegotziez gainera.
Hezkuntza komunitatea osatzen duten eragileen arteko sarea osatzea eta elkarlanean jardutea lehenetsi dituzte Hezkuntza Foroa sortzeko lehen saioetan parte hartu dutenek, eta, foroa bera martxan jartzearekin batera, 2026rako erronka batzuk ere zehaztu dituzte. Eragile bakoitzak bina proposamen egin ditu, eta proposamen guztietatik bi erronka lehenetsi dituzte taldean: batetik, herriko erreka auzolanean garbitzea, eta, bestetik, ikasleek helduekin eta adinekoekin elkarlanean garatuko duten baratze eta oilategi proiektua martxan jartzea. Orain, bi erronka horiek garatzeko plangintza zehaztu nahi dute datozen hilabeteetan, eta Hezkuntza Foroa elkartzeko egutegi bat zehaztu dute horretarako. Urtean hiru aldiz elkartzea adostu dute, eta hurrengo batzarra otsailaren 3an egitea.
Hiru erronka horiez gain, beste bi kezka nagusi ere badituzte eragileek; tartean, euskararen erabileraren apaltzea. Udala, baina, Euskara Plana garatzen ari da, eta hortik bideratuko dute, momentuz, gai hori, Euskara Plana garatzeko orduan herriko eragileek parte-hartze zuzena izatea aurreikusten delako.