Otsailaren 10ean abiatuko du Mendaroko Udalak Gym Berdea ekimena, bigarren urtez. Herriko lorategi eta basoetan lan eginda, herritarren ongizate pertsonala sustatzeko eta herria edertzeko ekimena da, 16 urtez gorakoentzakoa eta Jaurlaritzak babestutakoa. 2025ean, estreinako urtean, dozena bat lagun inguruk eman zuten izena, eta orain, jende gehiagori parte hartzeko aukera zabaldu nahi die Udalak. Horretarako, bilera antolatu du urtarrilaren 29rako, ekimena bera zertan datzan azaltzeko. Udaletxeko udalbatza aretoan egingo dute bilera hori, 19:00etan hasita.
Keko Alonso biologoak gidatu du aurten ekimena eta hark aldizkari honi esandakoaren arabera, osasuna sustatzeko eta ingurumen-krisiari aurre egiteko egitasmoa ere bada Gym berdea. Mendaroko Udalak Larrabetzuko eredua gustatuta jarri zuen martxan iaz. [2016an jarri zuten martxan ekimena han]. Bi helburu nagusi ditu Gym Berdeak: batetik, ariketa fisikoa eginez osasuna eta ongizatea hobetzea, eta bestetik, herrian sozializatzeko aukerak sortzea eta komunitatea indartzea. Gym Berdean izena emandakoak martitzenero batzen egon ziren iaz lanerako, 16:15etatik 19:30era. Eguneko jarduna bukatzeko, berriz, luzaketak ere egiten zituzten, uzkurtutako giharreak luzatzeko eta lesioak saihesteko.