Nondik nora

Virgilio Guano: "Frogatuta daukat euskara jakiteak lan-mundurako ateak zabaltzen dituela"

Ainara Argoitia Arano 2026ko urtarrilaren 25a

Marcia Plasencia eta Virgilio Guano.

1983an, hain justu Mendaro herri egin zen urtean, jaio zen Virgilio Guano, Ekuadorren, Chambapongo eskualdeko Sascedo herrixkan, eta 19 urte zituela iritsi zen Euskal Herrira, 2002an. Lau urte geroago iritsi zen haren emazte Marcia Plasencia, eta, geroztik, Mendaron bizi dira, erabat bertakotuta. 17 eta 11 urteko bi seme-alabaren guraso dira, eta "ezin pozago" bizi direla diote. 

Zerk ekarri zintuen hona?

Patuak, ziurrenik. Bost senide gara etxean, eta handikeriarik gabe bizi ginen, baina premia larririk ere ez geneukan. Hala ere, emigratzeko nahia sartu zitzaidan, eta, hemen osaba bat nuenez, probatzea erabaki nuen. Haren etxera etorri nintzen, eta haren babesean hasi nuen hemen bizimodua. Etorri berritan, Zarautzen topatu nuen lana, bi asterako lehenengo, eta urtebeterako gero, sukaldari-laguntzaile. Handik Debara etorri nintzen bizitzera, eta Deban egin nituen lau urte. Hasiera gogorra izan zen, beti izango dira, ziurrenik, baina ez nuen ohitu beste aukerarik izan. Orain, gure iloba etorri da gurera, ni osabarenera etorri nintzen moduan, eta gure lagun handi batek eman dio lana. Asko estimatzen diot.

Nola hartu zintuzten hemen?

Oso ondo. Zortekoa izan naiz. Dena den, iruditzen zait euskal herritarrok ondo hartu ohi duzuela kanpotik datorrena; betiere, langilea eta apala bada. Nik beti esan izan dut doan lekura moldatu behar duela pertsonak, eta errespetatu egin behar duela han dutena, euren kultura eta ohiturak, norberarena ahaztu gabe, jakina. Hori eginez gero, arrakasta segurua da hemen.

Zu zeu, behintzat, estimatzen zaituzte mendaroarrek, bai.

Neuk ere bai eurak. Lagun handiak egin ditut hemen, bizimodua erraztu didatenak. Inguruan lagun-sare bat izatea gauza handia da, ez baita erraza kanpotik iritsi eta hemen bizimodua egitea. Begira, konturatuta nago euskaldunok asko eskertzen duzuela euskaraz egiteko ahalegina ere. Nik ulertu dezente ulertzen dut, baina hitz egitea kosta egiten zait. Dena den, saiatzen naiz dakidan apurra egiten, eta ikusten dut asko estimatzen duzuela. Iaz, euskaltegian eman nuen izena. Kontua da iritsi eta bat zaila dela euskaltegian izena ematea, lehentasun handiagoak izaten ditugulako. Baina nik frogatuta daukat euskara ikasteak lan-mundurako ateak ere zabaltzen dituela. Azkeneko bost urteetan Urkunde enpresan dihardut lanean, eta Txirristaka tabernan ere ibiltzen naiz, zerbitzari. Nire lagun handi baten koinatua da jabea, Juanjo Loiola, eta harreman ona egin dut harekin. Jaietan omenaldia egin zioten herriko gazteek, eta hunkigarria izan zen. Kamiseta oparitu zidaten neuri ere, eta jai haren parte sentitzea polita izan zen. Asko ikasi dut barra atzean herriaz, herriko jendeaz, hemengo kulturaz, eta lagun asko egiteko bidea eman dit. 

Hemen osatu zenuten familia. Nondarra sentitzen zara gehiago?

Nik neuk harro esaten dut ekuadortarra naizela, baina izugarri pozik bizi naizela hemen eta ez nukeela Mendaro ezerekin aldatuko. Nire seme-alaba biak hemen jaioak dira, eta haiek euskal herritartzat dute beren burua, hala direlako. Hiru aldiz bidaiatu dugu sorterrira, eta hilabete egin izan dugu han joan garenetan. Hilabete denbora da, baina ez da ezer hango kultura eta ohiturak ezagutzeko. Horrek pena ere ematen dit. Horrek eta ikusteak zenbat gaiztotu den giroa han eta Latinoamerika osoan, bereziki narkotrafikoagatik eta delinkuentziagatik. Senideak ezagutzen dituzte haurrek, baina hara egokitzeko egiteko denbora gehiago behar da. Guk etxean beti hitz egin izan diegu sorterriaz, gure ohiturez, gure kultura indigenaz, gure ume sasoiaz, senideez eta abar. Iruditzen zait hori garrantzitsua dela, jakitea norbera nondik datorren eta harro sentitzea.

Hizkuntza aipatu duzu. Zein hizkuntza da zuena?

Gure hizkuntza kitxua da, baina, zoritxarrez, gero eta hiztun gutxiago dauzka. Eskolan gaztelaniaz egiten genuen, eta kitxua, etxean eta lagun giroan. Amerika konkistatu zuten europarrek min handia egin ziguten horri dagokionez. Badugu antzekotasunik zuek eta guk.

Zer gustatzen zaizu gehien Mendarotik?

Aizpe elkartea (Kar-kar). Esango nizuke Euskal Herritik eta Mendarotik gehien gustatzen zaidana jendea, gastronomia, paisaia eta kirolerako dagoen zaletasuna direla. Zarautz, Lekeitio, Donostia, Bilbo, Gaztelugatxe eta abar. Izugarri leku politak daude hemen.

Zer antzekotasun du Ekuadorrek Euskal Herriarekin? Eta zure sorlekuak Mendarorekin?

Paisaia aldetik antzekoak dira: menditsua eta berdea. 11.000 biztanleko Chambapongo komunitatekoa naiz ni, 600 biztanleko herrixka batekoa, Sascedokoa. Lurra lantzetik bizi dira han gehienak. Mendira, baina, hemen zaletu naiz, lagun kirolariak ditudalako. Kilimon Trail mendi lasterketa daukat orain begiz jota, gomendagarria oso. Ilobarekin egin nahi nuke.

Harrera-plana diseinatzen ari da gaur egun Mendaroko Udala. Zer iruditzen zaizkizu halako ekimenak?

Oso komenigarriak. Inportantea da jakitea nora iritsi zaren, zer zerbitzu dauzkazun herrian, zer elkarte... Ni neu Espainiara nentorrelakoan etorri nintzen, eta hemen jakin nuen Euskal Herria ere bazela eta bazenutela beste kultura bat eta beste hizkuntza bat.