Hiltzea garesti dago, baina ez da oraingo kontua. Hala ondorioztatu daiteke, behintzat, Mendaroko Sendi Anaitasuna elkartearen sorrerako agiriak irakurrita. Gerra ostean sortu zuten elkartea, Garagartzan, justuan bizi zirenek ere hil ondorengo duina izan zezatela ziurtatzeko. Elkarte hark bizirik dirau eta 700 bazkidetik gora dauzka egun. Boluntarioz osatutako zuzendaritza batek kudeatzen du, eta gaur egun Onintza Loiolak, Jaione Zabalak, Arantxa Ondarrak eta Iraide Loiolak osatzen dute taldea. Urteko batzarraren harira, urtarrilaren 16ko BARRENAren zenbakirako haiei egindako elkarrizketa da hau.
Zer da Sendi Anaitasuna eta zenbat bazkidek osatzen duzue gaur egun elkartea?
Elkarte berezia da; guk geuk ez dugu antzeko besterik ezagutzen inguruetan. Auzolanaren kulturak gaur baino indar handiagoa zuen garaian sortu zuten Mendaroko Garagartza auzokoek, gerra ondorenean, eta gaur egun 700 bazkidetik gora gara. 2024. urte amaieran 740 ginen zehazki, eta 2025eko abenduaren 31n, 726. Gu geu jaio ginenetik gara elkarteko bazkide, hala erabaki zutelako gure gurasoek. Garai batean, etxe gehienetan hala izaten zela esango genuke. Naturala zen. Jaioz gero zor dugu hiltzea, eta oso barneratuta zuten hori gure aurrekoek.
Zer baldintza bete behar ditu bazkide batek?
Mendarorekin lotura izan behar du: Mendaron bizi behar du edo, bestela, noizbait Mendaron bizi eta elkarteko bazkide izandakoa izan behar du. Badauzkagu kanpotik Mendarora bizitzera etorritako bazkideak ere elkartean. Hori bai, bazkide egiten denak onartu behar du hileta ondorengo zerbitzua Elgoibarko Etxeberria ehorztetxeak emango diola, gaur-gaurkoz harekin duelako hitzarmena egina.
Zer dakar Sendi Anaitasunako bazkide egiteak?
Kuota bat ordaintzea, baina ez hilerokoa. Sendi Anaitasunakook hiltzen zaigun bazkide bakoitzeko 3,5 euro ordaintzen dugu, eta, trukean, elkartea egingo da gure hileta-gastuen kargu, eguna iristen denean. Ezaugarri jakin batzuetako hilkutxa, beilatokiko gastuak, koroa, eskelak, lurperatzea edo erraustea –gaur egun, hilotzen %90 erraustu egiten dira–, Elizako gastuak baldin eta hileta elizkizuna elizan egiten bada, hilotza lekuz aldatzea –betiere, EAEko mugen barruan–... Hori dena sartzen da. Bazkide baten heriotzak 2.409,12 euroko kostua dauka guretzat, Sendi Anaitasunarentzat. Horietatik 1.825,12 euro ehorztetxearen faktura ordaintzeko izaten dira, eta, horrez gain, Sendi Anaitasunak 544 euro ematen dizkio familiari, hilotza lurperatzeko edo errausteko [Kopuru hori kobratzen du Mendaroko Udalak, iaztik, hilobiratzeagatik]. Gero, aparte, elizkizuna egiten den kasuetan, familiari beste 40 euro ematen dizkio elkarteak, Elizak kobratzen duena ordaintzeko.
Bazkide egiteko baldintzak berberak dira adina edozein izanda ere?
Ez. 49 urte bete aurretik bazkide egiten dena biharamunetik bertatik dago aseguratuta aldian behingo kuotak ordainduz gero, baina, adinean aurrera egin ahala, bazkide berrientzako baldintzak ezberdinak dira. Hala, 50 urtetik 60 urtera bitartean bazkide egiten dena lehenengo bi urteetan ez da aseguratuta egongo. 61etik 65era arteko bazkide berriek, berriz, aldian behingo kuotez gain 100 euroko sarrera ere ordaindu beharko dute bazkide egiteko, eta haiek ere lehenengo bi urteetan ez dira aseguratuta egongo. Hortik aurrera, baldintzak berberak dira, baina sarrerako kuota aldatu egiten da. 66 eta 70 urte artekoek 200 euro ordaindu behar dituzte, eta 71 urte baino gehiago dituztenek, 400 euro.
Bizimodua garestitu egin dela, baina hiltzea bera ere...
Bai, eta elkartean ez dagoen batentzako askoz garestiagoa da. Guk dakigunaren arabera, Sendi Anaitasunari kostatzen zaiona baino 1.000 euro gehiago bai, gutxienez. Begira, kalkulua erraza da: ehorzketa-aseguru pribatuek hileroko kuota kobratzen dute, eta gure inguruan badira hilero aseguru horregatik 16 euro ordaintzen ari direnak buruko. Guk, berriz, 3,5 euro ordaintzen ditugu, baina ez hilero, baizik eta hiltzen den bazkide bakoitzeko. Egin kontu: 2025ean, hamasei bazkide hil zitzaizkigun. Oso urte gogorra izan zen Mendaron. Hala ere, hamasei bazkide galduta, guztira 56 euro ordaindu genituen bakoitzeko, hilero 16 euroko kuota ordaintzen ari denak baino 136 euro gutxiago.
Elkartearen diru-kontuak osasuntsu daude, baina, hala ere, bazkide berrien bila ari zarete.
Bai. Bazkide berriak egitea komeni zaigu elkarteari luzaroan eusteko, kuotak direlako gure finantzaketa-iturri nagusia; kuotak, eta isunetan bildutako dirua. Izan ere, urteroko batzar nagusira agertzen ez denak hamar euroko isuna ordaindu behar izaten du.
Orduan, batzarrera jende gutxiago agertuta, mesede zuentzat.
Ez da hori kontua, baina. Hala ere, bai, duela bi urte, esaterako, 1.160 euro bildu genituen isunetan, inoizko gehien. Hain zuzen ere, urte hartan erabaki genuen familia-unitate bakoitzeko gutxienez pertsona batek parte hartu behar zuela urteko batzarrean; alegia, ez zuela balio pertsona batek familiako guztiak ordezkatzea. Gertatzen zitzaizkigulako halakoak ere: guraso bat etorri, eta etxetik kanpora bizi ziren seme-alaba eta biloba guztien izenean erantzun. Salbuespen batzuk egiten dira, jakina, baditugulako lanagatik, adinagatik edo justifikatutako bestelako ezinen batengatik etorri ezin direnak. Bilerak igandeetan egin izan ditugu beti, eta badakigu denok izaten ditugula plan hobeak, baina, elkartea edozein dela ere, bazkideek beti dituzte eskubideak eta betebeharrak.
Ondo esan duzue jaio den orok zor duela heriotza, baina ulertuko duzue gaztetan urruti ikusten den kontu bat dela.
Bai, garbi dago. Jende bati ulergaitza egiten zaio bizi den artean heriotzako gastuak ordaintzen aritzea, are gehiago gazte jendeari, baina hemen inork ez dakigu noiz hilko garen. Gainera, ez dugu uste horretarako bakarrik ordaintzen dugunik; komunitateari laguntzeko ere egiten dugu. Filosofia horrekin sortu zuten gure arbasoek elkartea: zailtasun gehiago zituztenek ere azken duin bat izan zezaten, eta gaur ere familia askotan bizi dira justuarekin. Gazteak erakartzeko zailagoa daukagu, zalantzarik ez dago: batetik, normala den moduan, urruti ikusten dutelako azkena, eta, bestetik, jende batek Elizarekin lotzen gaituelako oraindik ere, seguruenik han egiten dugulako urteko batzarra, baina, izatez, Sendi Anaitasunak ez dauka inolako loturarik Elizarekin; edukiera kontuengatik eta irisgarritasunagatik bakarrik egiten dugu elizan batzarra.