'Mendian hil, hirian hil' dokumentala eta Iñaki Peña zuzendariarekin solasaldia antolatu dituzte Mendaron otsailaren 5erako

Ainara Argoitia Arano 2026ko otsailaren 2a

Mendian hil, hirian hil dokumentala emango dute Mendaron otsailaren 5ean (udaletxeko udalbatza aretoan, 18:00etan). Oroitzapenak gorde eta itxaropenaren alde egiteko dokumentala da, Iñaki Peñak zuzendutakoa, eta zuzendariarekin solasaldia ere izango da emanaldiaren ondoren. 

Euskal Herrian grabatutako dokumentala da oso-osoan, nahiz badituen Himalaia mendikateko irudiak ere. Iñaki Peñak zuzendu du, eta Artemanek ekoitzi, Irizar enpresaren, Oroilore hileta-negozioaren eta Laboral Kutxaren laguntza ekonomikoarekin. 2020an Euskarazko Film Onenaren saria eskuratu zuen BBK Mendi Film jaialdian, eta Gidoi Onenaren Saria ere eskuratua du Ukerdi Film jaialdian

Heriotzari buruzko elkarrizketa da funtsean Mendian hil, hirian hil dokumentala, mendia kalearekin eta kalea mendiarekin lotzen dituena. Iñaki Peña zuzendariaren hitzetan, oroitzapenen aldeko proposamena da, itxaropenari egindako kantua. "Mendi tontor elurtuan edo eta ospitale bateko logela batean hildako senide bat gogora ekar dezakegu bihotzean minik sentitu gabe? Maite dugun pertsonaren heriotza, galerak eragindako mina eta sufrimenduaren gainditzea nola bizi ditugu. Iraganean errotutako etorkizunak eragiten duen itxaropena, joan zirenak gogora ekartzea…" Horiek dira Iñaki Peñaren dokumentalaren hari-muturrak, eta haien inguruan solasteko aukera izango da proiekzio ondorenean, Mendaron. Bada azpimarratzeko esaldi bat, aurkezpenerako erabili izan duena zuzendariak berak:  “Hiltzen garen lekuan aukeratzen emango baligute, bizitza gehien maite izan dugun lekuan hil nahiko genuke”. Hogei urte eta gutxirekin edo 100 urte ondo beteta. 7.000 metrora edo itsas mailan.