'Irabazi arte!' telesailaren bosgarren denboraldiaren estreinako atala emango dute igandean Mendaron, San Agustinen

Ainara Argoitia Arano 2026ko urtarrilaren 26a

EITBk ostiral honetan estreinatuko du Irabazi arte! telesailaren 5. denboraldia, Makusi plataforman, eta otsailaren 6an ikusi ahal izango da lehen atala ETB1en. Mendaron, baina, igandean, San Agustin kulturgunean ikusi ahal izango dute haurrek, Udalaren eta UEMAren ekimenez.

 

UEMAko kide diren 90 herritan ostiral honetan estreinatuko dute Irabazi arte! telesailaren bosgarren deboraldia. Izan ere, UEMAk eta EITBk euskarazko ikus-entzunezkoak zabaltzeko sinatuta duten hitzarmenaren baitan, euskarazko telesail arrakastatsuenak UEMAko kide diren herrietako zinemetan eta areto publikoetan estreinatzeko lizentzia du UEMAk.

Hala, Go!azen eta Irabazi arte! telesailen denboraldi berriak estreinatzeko aukera izaten dute UEMAko kide diren herrietan, tartean Mendaron. Oraingoan, baina, ostiralean barik domekan, otsailaren 1ean, emango dute telesaila Mendaron, San Agustin aretoan, 17:00etan. Sarrera doan izango da.