San Blas opilak eta kordelak bedeinkatu dituzte Mendaron, Trinitate baselizan ospatu duten elizkizunaren baitan

Ainara Argoitia Arano 2026ko otsailaren 3a

Gaur, San Blas egunez, meza izan dute Mendaron Trinitate baselizan, eta elizkizunaren barruan, San Blas opilak eta eztarrirako kordelak ere bedeinkatu ditu Txomin Zabaleta parrokoak. 

Urtean zehar gutxitan zabaltzen dute Mendaron Trinitate baseliza, baina, gaur, otsailak 3, San Blas eguna, bertan egin dute elizkizuna. Herritarrak San Blas opilak eta eztarrirako kordelak hartuta joan dira. Zapi zurietan batuta, aluminiozko paperean bilduta  edota poltsa handitan sartuta  eraman dituzte opilak elizara herritarrek, eta elizkizunaren amaieran, altarearen ertz baten inguruan jarritako Blas santuaren aldamenera inguratu dira, eta hantxe bedeinkatu ditu guztiak Txomin Zabaleta abadeak. Tradizioari aipamena eginez, parrokoak osasuna eta fedea eskatu ditu guztientzat eta bedeinkatutako kordelek eztarriko minak ez ezik, zurrumurruak eta esan txarrak isiltzeko ere balio dezatela eskatu du.