Gaur hasiko da Gym Berdea Mendaron, baina taldeak zabalik du atea kide berriak hartzeko

Ainara Argoitia Arano 2026ko otsailaren 10a

Urtarrilaren 29an aurkeztu zuten programa Gym Berdekoek udaletxean, eta gaur hasiko dute bigarren denboraldia. 16:15ean elkartuko dira ikastolako atean. Arduradunek esan dute taldeak zabalik duela atea kide berriak hartzeko, eta deialdira batzeko gonbidapena egin diete zalantzan diren guztiei.

16 urtez gorakoentzako ekimena da Mendaroko Gym Berdea, eta herriko lorategi eta basoetan lan eginez lagunartean ariketa fisikoa egiteko aukera eskaintzen du. Keko Alonso biologoak gidatzen ditu saioak, eta hark esandakoaren arabera, osasuna sustatzeko ez ezik ingurumen-krisiari aurre egiteko egitasmoa ere bada Gym berdea. Mendaroko Udalak Larrabetzuko eredua gustatuta jarri zuen martxan iaz, bi helbururekin: batetik, ariketa fisikoa eginez osasuna eta ongizatea hobetzea, eta bestetik, herrian sozializatzeko aukerak sortzea eta komunitatea indartzea. Gym Berdean izena emandakoak martitzenero batzen egon ziren iaz lanerako, 16:15etatik 19:30era, eta aurtengorako ere asmo bera dute. 

Gaurko saioa berezia izango da. Izan ere, Mendaroko eskolan hasiko dute saioa. Mendaroko Hezkuntza Foroaren baitan eskolako arduradunek ortua martxan jartzeko laguntza eskatu zieten Gym Berdekoei, eta ikastetxean duten materiala aztertzera joango dira, elkarlana abiatzeko