LAB sindikatuak kaleratutako oharraren arabera, “urtebete baino gehiago igaro da Mendaroko ospitaleko mantenimenduko langileok gure nominetan arazoak edukitzen hasi ginenetik". Besteak beste, urteko igoerak berandu aplikatzea, bajen osagarriak ez ordaintzea edota guardia orduetako kalkulu okerrak izatea egotzi diote enpresari.
Egoera honen aurrean, langileek adierazi dute “Tecmaneko langileok gure soldatekin jolasteaz nekatu gara”. Plantillak Tecmanen aholkularitzari eta Osakidetzari ere zuzendu die mezua, zerbitzuaren arduradun gisa, gogoraraziz “guri exigitzen zaigun profesionaltasun eta ardura maila berdina da eskatzen dioguna Tecmaneri, Tecmaneko aholkularitzari eta zerbitzuko arduraduna den Osakidetzari".
Arazoa berehala konpontzen ez bada, mobilizazioak gogortuko dituztela ohartarazi dute: “hurrengo nominetan akatsak ez badira konpontzen Tecmaneko langileok grebara goaz". Zehazki, martxoaren 5, 12 eta 17rako deitu dituzte lanuzteak, nominetan akatsik ez egotea aldarrikatuz.