Zuhaitz Eguna ospatuko dute Mendaron otsailaren 22an

Ainara Argoitia Arano 2026ko otsailaren 16a

Mendaroko Udalak eta Arno guraso elkarteak elkarrekin antolatu dute aurten ere Zuhaitz Eguna, Naturtzaindia erakundearekin laguntzarekin. Otsailaren 22rako egin dute deia, eta, Udalak jakinarazi duenez, 300 arbola-landare inguru sartzea da asmoa. 

Haritzak izango dira gehienak, baina hariztietan hazi ohi diren beste zuhaitz eta zuhaixka batzuk ere landatuko dituzte, hala nola lizarrak, urkiak, gorostiak eta elorriak. 10:00etan Herriko Enparantzan elkartzeko dei egin dute antolatzaileek, eta oinez egingo dute Plaza auzorainoko bidea. Izan ere, Intxusadiko Goikolan sartuko dituzte. 

Naturtzaindiarekin elkarlanean

Irabazi-asmorik gabeko erakundea da Naturtzaindia, eta ingurumena babesteko ardurarekin elkartutako pertsona talde batek osatzen du, bioaniztasunaren kontserbazio eta kudeaketan, basozaintzan, ingurumen hezkuntzan eta ingurumen jardunaldien antolaketan eskarmentua duen talde batek. Lan boluntarioa egiten dute, ardura bera konpartitzen duten administrazio, erakunde eta gainerako eragileekin, eta hala ari dira Mendaroko Udalarekin ere azkeneko urteetan. Naturtzainditik Iñaki Aizpurua etorriko da Mendarora azalpenak ematera.