Debarako noranzkoan errepide nagusiaren erdian gelditu ohi da autobusa Mendaroko Azpilgoeta auzoan, eta arriskutsua gertatu ohi da oso, bai gainerako ibilgailuentzat eta bai garraio publikoaren erabiltzaile direnentzat eurentzat ere, errepidearen bazterbidean egon behar izaten dutelako autobusaren zain, ibaitik bereizten duen petrilaren kontra. Horregatik, Mendaroko Udala urte askoan aritu zaio Aldundiari irtenbide eske. Iazko urtarrilean, Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatu Felix Urkolak Mendarora egindako bisita instituzionalean ere aipatu zieten gaia udalekoek, Aldundiaren eskumenekoak diren beste gai batzuen artean, eta mendaroarren eskaera hori aztertu eta irtenbide bat bilatzeko prestutasuna agertu zuten haiek.
Eta eskaerek eta lankidetzak egin dute bidea. Aurten, urtarrilaren hondarretan, puntu hartarako hobetsia zuten irtenbidearen berri eman zien Felix Urkolak eta, inguruko baldintza orografikoak aintzat hartuta, egokitzat jo zuen Mendaroko Udalak. Bidegorriaren proiektuaren aurrerapenen berri emateko Elgoibarren egin zuten bileran izan zen hori.
Debarako noranzkoan errepidea ibai aldera zabaltzerik ez dagoenez, trafikoa moteltzeko neurriak hartuko ditu Aldundiak, era horretan autobus-geltokia egokitzeko gaur errepidea den zatian. Era berean, oinezkoentzako pasabideak ere markatuko dituzte. Obrek 185.204 euroko aurrekontua izango dutela jakinarazi dute. Dagoeneko lizitaziora atereak dituzte, eta, ondo bidean, maiatzean hasiko dituzte lanak. Aldunditik zehaztu dutenez, bi hilabete eta erdi izango dituzte lanak amaitzeko. Garraio publiko "segurua, hurbila eta irisgarria" bermatzeko konpromisoaren baitan egingo du obra Foru Aldundiak, ibilgailu pribatua hartzeko alternatibak errazteko eta herritarren bizi-kalitatea sustatzeko.