Mendaroko Udalak eta Arno guraso elkarteak antolatu dute Zuhaitz Eguna, Naturtzaindia elkartekoen laguntzarekin, eta 40 bat lagunek parte hartu dute. 10:00etan irten dira Herriko Enparantzatik haur eta gurasoak Plaza auzorantz, han zituztelako landatzekoak gaur arbola-landareak, Intxusadiko Goikolan. Ordurako aitzurrak eta landareak inguratuak zituzten hara Naturtzaindiko lagunek. Landaketa eremura gerturatu direnean, Enetz Ezenarro Mendaroko alkateak eta Iñaki Aizpurua biologo eta Naturtzaindiko kideak Zuhaitz Egunaren nondik norakoak azaldu dizkiete bertaratutakoei. Aizpuruak esan du 42 bat hektareako saila dela Udalak azken urteotan erosi duena. Jaurlaritzaren dirulaguntza izan du horretarako Mendaroko Udalak, eta sail horretan 300 bat haritz-landare landatu dituzte gaur. Enetz Ezenarro alkateak, bestetik, zehaztu du klima aldaketaren kontra egiteko ezinbestekoa dela txikitik eragitea eta horren baitan ulertu behar direla Zuhaitz Eguna moduko ekimenak. Adi entzun dituzte eskola-umeek azalpenak, eta ondoren, aitzurrak eta landareak sorbaldan hartu eta abiatu dira gorantz. Intxusadi erreka hazita zetorren gaur, eta egur xaflak jarrita igaro dute beste aldera, eta egin duten mendi hegal pendizean gora, eguraldia lagun.
Eguneko lanak amaituta, oinez egin dute bueltako bidea ere, baina etxeratu aurretik Udalak enkargatutako mokaduaz gozatu dute; aurten, Azpilgoetako Ormola tabernan.