Emakumeen Nazioarteko Eguna da Martxoaren 8a, eta egun horren bueltan hainbat ekintza antolatu dituzte Mendaron. Hasteko, martxoaren 2tik 6ra arteko astean, berdintasunaren gaia landuko dute ludotekan. Ipuin irakurketa saioa izango dute batetik, eta bestetik, berdintasunaren inguruko terminoen hiztegia eta hizkuntza inklusiboa landuko dituzte.
Martxoaren 4rako, berriz, Nola zahartu nahi dugu? izenburuko hitzaldia lotu dute Arantxa Urretabizkaia idazlearekin. Zahartze tradizionala albo batera laga eta emakume helduek dituzten harremanetan sakonduko du Urretabizkaiak. Udaletxeko udalbatza-aretoan emango du hitzaldia, 18:30ean hasita.
Martxoaren 6rako, berriz, Ovarios verdes fritos antzezlanaren emanaldia lotu dute. San Agustin kulturgunean emango dute antzerkia, 18:30ean, eta sarrera debalde izango da. Belen Nevadok idatzi, zuzendu eta interpretatutako antzerki ikuskizun probokatzaile eta komikoa da. MasturBatetuCandida doktorearen bidez, antzezlanak emakumeen ahalduntzea, norberaren plazera eta zoru pelbikoaren indarra umorez jorratzen ditu, emakume eta gizonentzako proposamen aldarrikatzailea izanik.
Martxoaren 8an bertan ospatuko dute eguna Gaztelekuan. Neskentzako espazio bat sortu nahi dute Gaztelekuan, haien nahi eta gustuetara egokitua, eta egun hori izendatu dute taldean hausnarketa egin eta espazio hori diseinatu ahal izateko.
Egun bererako, martxoaren 8rako, elkarretaratzera ere deitu du Mendaroko Udalak. Herriko Enparantzan izango da, 13:30ean.
Martxoaren 29rako, berriz, Baratxuri zoparen sekretua emanaldiarekin etorriko da Ai Zapotxin pailazoa. San Agustin kulturgunean izango da emanaldia, 17:00etan.