Motxaila Elkarteak egitarau bete-betea antolatu du astebururako, Udalaren laguntzarekin. Hasteko, ostiralerako, Zerua, motxailen aterpe bertso-saioa iragarri dute. San Agustin kulturgunean izango da saioa, 22:00etan hasita, eta lau bertsolari arituko dira oholtzan: Andoni Egaña, Alaia Martin, Amets Arzallus eta Julio Soto. Gai-jartzaile, berriz, Motxaila Elkarteko kide Xeber Loiolak egingo du aurten, eta herriko bertso eskolako gaztetxoek ere parte hartuko dute saioan.
Motxaila Eguna bera, baina, zapatuan ospatuko dute. Aitzbeltz kobazulora egingo duten irteerarekin hasiko dute eguna. 09:00etan elkartuko dira mendirakoak Gaztetxe aurrean, eta oinez egingo dute kobara arteko bidea. 11:00ak alderako iritsiko dira gora azkenak, ondo bidean, eta orduan hasiko dute han ospakizuna. Ipuin kontalariak, poesia emanaldia... denetarik izango da aurten ere goian, talentua badelako Motxaila herrian.
Handik jaitsi ondoren, Gaztetxean bazkalduko dute aurrez txartela hartutako guztiek. Antolatzaileek jakinarazi dute mendira igo direnek frontoiko dutxak eta aldagela erabiltzeko aukera izango dutela aldatzeko, eta bazkaritarako txartelak Uztargi tabernan jarriko dituztela salgai, 12 euroan. Bazkalosterako, bertso-saioa iragarri dute. Elixabet Etxandi, Txaber Altube eta Aitor Tatiegi arituko dira bertsotan, eta ondoren, 18:30ak aldera, kalejiran abiatuko dira denak, Xaukena elektrotxarangakoekin.
Gauean, berriz, kontzertuak izango dira Gaztetxean, 22:30etik aurrera. Aramu eta Inguma taldeek joko dute.