Edari energetikoen kontsumoak gora egin du esponentzialki, bereziki nerabe eta gazteen artean, eta kontsumoa mugatzeko neurriak aztertzen hasiak dira zenbait herrialdetan. Espainiako Gobernuak ere hala egingo duela iragarri du. Asteazkenean eman zuen albistea Pablo Bustinduy Espainiako Kontsumo ministroak. 16 urtez azpikoei edari energetikoak saltzea debekatuko dutela aurreratu zuen, bai eta debekua 18 urtez azpikoetara zabalduko dutela ere 100 mililitroko 32 miligramo kafeina dituzten edarien kasuan. Era berean, osasuntsuak ez diren elikagaien iragarkiak arautzeko neurriak ere hartuko ditu Madrilek.
Kafeinaz eta karbohidratoez gain, bestelako hainbat substantziaz osatutako alkoholik gabeko edariak dira energetiko izenarekin ezagutzen direnak, errendimendu fisikoa hobetzeko, nekea arintzeko eta arreta hobetzeko saltzen direnak. Dituzten osagaiengatik, baina, haiek kontsumitzeak eragin kaltegarriak izan ditzake, bereziki haurrengan eta nerabeengan, eta ondorio horiez galdetu dio BARRENAk Igor Horrillori (Mendaro, 1979). EHUko Farmakologia Saileko irakaslea da, eta Komunikazio, Berrikuntza eta Gizarte Hedapenerako dekanordea.
Nola hartu duzu 16 urtez azpikoei edari energetikoak debekatzeko Espainiako Gobernuaren erabakia?
Ez nau harritu edari energetikoen salmenta mugatzeko erabakiak. Egia esan, espero genuen, hitzaldi eta jardunaldietan sarri entzun dugun kontua delako. Aspaldiko eskaera bat izan da, eta bagenekien luze gabe iritsiko zela. Ebidentzia zientifikoek erakusten dute edari energetikoak mehatxu bat direla; beraz, erabaki zuzena iruditzen zait. Beste herrialdeetan ere egin beharko lukete, baina zaila gertatzen da halako kontuak arautzea. Normalean gizartean duten eraginaren arabera, estuagoa edo malguagoa izaten da araudia. Baina, hala ere, arautzea zaila izaten da, ekonomiari eragiten dioten kontu guztietan bezala. Erraz aurreikusten ditugu kalte ekonomikoak, baina osasun kalteak usaintzeko ez gara gai; betikoa.
Zer ezaugarri dituzte edari energetikoek?
Batez ere, kirolariek hartzeko daude pentsatuta, kirola egin aurretik edo ondoren hartzeko, eta horregatik dute, adibidez, kaloria asko azukre gisa, azukreak energia azkarra eta berehalakoa ematen dielako, eta, gainera, giharretako zuntzak azkarrago errekuperatzea ahalbidetzen dielako. Edari goxoak izaten dira, normalean, eta horrek badu beste helburu bat ere: populazio gaztea erakartzea. Era berean, edari horiek dituzten bitamina eta mineralak ere kirola egitean azkar erretzen diren mantenugaiak osatzeko izaten dira. Askotariko osagaiak izaten dituzte, baina, normalean, kafeina eta taurina izan ohi dira beste bi osagai nagusiak. Kafeina psikoestimulatzailea da, eta frogatuta dago gure muskuluen errendimendu energetikoa handitzeko ahalmena duela. Kontua da gaur egun edozeinek hartzen dituela edariok, eta edonoiz. Red Bull te da alas esaten zaigu. Gazteak erakartzeko mezuak dira, eta mezu horrekin iradoki nahi dutena da edari energetikoak hartzeak askeago egiten gaituela eta pentsatzeko ahalmena handitzen digutela. Eta bai, egia da kafeina hartzeak arreta areagotzen duela, baina ez du gure gaitasun kognitiboa handitzen; ez gaitu argiagoak egiten.
Noiz dira kaltegarriak eta norentzat?
Alkoholarekin nahasten ez diren heinean, edari energetikoen kontsumoa ez da arriskutsua pertsona heldu osasuntsuendako; betiere, jakina, egunero hartzen ez badira. Izan ere, kafeina kantitate handia duten edariak dira, eta gomendatutako eguneko dosia gainditzeko probabilitatea asko handitzen da haiek hartuta. Oso bestelako kontua da, baina, nerabeengan.
Zertan eragiten die nerabeei?
Nerabezaroan nerbio-sistema zentralari eragiten dion edozein substantzia hartzeak eragin zuzena dauka garunaren garapenean. 21-23 urte bete arte, garuna garatzen ari den organo bat da, eta garapen horri eragiten dioten substantziak hartzeak, izan alkohola –nerbio sistemaren depresioa eragiten du– edo izan kafeina –nerbio-sistema zentrala estimulatzen du–, kalte egin diezaioke. Ez dira urte asko edari energetikoak merkaturatu zirenetik, baina ikusten ari gara haien kontsumoak antsietatea eta lo egin ezina eragiten dituela nerabeengan, eta epe luzera arriskua izan dezakete osasun mentaleko arazoak garatzeko. Normalena litzateke larunbata iritsi eta nerabe batek eguerdira arte lo egitea, baina hori galtzen ari da. Haurrentzat eta nerabeentzat ez ezik, emakume haurdunentzat ere kaltegarria da kafeina gehiegi hartzea.
Zenbat azukre eta kafeina dute edariok, bada?
Markaren arabera aldatu egiten da hori, eta zaila da zehazten. Kafeinari dagokionez, hiru-lau kafe kolpera hartzea beste litzateke edari energetiko bat hartzea. Azukre kantitatean ere aldea dago marka batetik bestera, eta gauza bitxiak ere ikusten dira. Adibidez, badira merkatuan batzuk azukre gabeak, eta hori zentzugabea da, azukrerik gabeko edari energetiko bat ezin delako ulertu. Nolanahi ere, azukre asko dute, baina Coca Colak beste.
Azukre eta kafeina kontzentrazio handia da, hortaz, arazoa.
Bai. Ikuspegi toxikologikotik, edari energetiko bat hartzeak ez dakar arriskurik, baina egia da kafeina kantitate handietan hartzeak bihotza azkartzen duela, eta, beraz, gaixotasun kardiobaskularrak dituztenengan edota izateko arriskua dutenengan kaltea eragin dezakeela epe luzera. Ez dakigu egunean bi edari energetiko hartzeak bost urteko epean zer eragin izango duen, nahiko gauza berria direlako oraindik hemen, baina Ameriketako Estatu Batuetan eta Europa iparraldeko herrialdeetan ari dira ondorioak ikusten, kontsumoa handiagoa delako. Freskagarriekin ere antzera gertatzen da. 2018an, hemen, arraroa egiten zitzaigun haur bat Coca Cola edaten ikustea, baina AEBetan oso zen ohikoa. Hemen, duela gutxira arte, oso aldian behingo ospakizunetan baino ez genituen ikusten haurrak Coca Cola edaten, eta, gehienez ere, baso bete. Eta ez zen ez zeudelako, orduan ere orain bezain bistara izaten zirelako dendetan eta, baina beste ardura bat zegoen. Aldaketa kultural handia gertatu da.
Zer gomendatzen duzu?
Iruditzen zait gurasoek ardura handiagoa hartu beharko luketela zeinbait produkturen kontsumoa mugatzeko. Eta ez naiz edari energetikoei buruz bakarrik ari. Freskagarriekin eta litxarreriekin gauza bera gertatzen ari da. Kontzientzietan eragin beharko genuke, pedagogia egin.