ELKARRIZKETA

Arantxa Urretabizkaia: "Ni zaharra naiz, eta ez dut ulertzen zergatik ezkutatu behar dudan"

Ainara Argoitia Arano 2026ko martxoaren 2a

Nola zahartu nahi dugu? izenburuko hitzaldia emango du Arantxa Urretabizkaiak (Donostia, 1947) etzi,  martxoaren 4an, Mendaron, 18:30ean, udaletxeko udalbatza-aretoan.

Zahartzaroaren maparen bila saiakera idatzi du orain azkena Arantxa Urretabizkaiak (Donostia, 1947), zahartzaroari buruzko hausnarketa. Zahartzeko eredua aldatu denez, zahartzeko maparik ez dagoela dio eta, lehen ez bezala, orain, aukeratu egin dezakegula nola zahartu nahi dugun.

Gertatzen zaigu: umetan zahar ikusten genituenen adinera iritsi, eta gazte ikusten dugu geure burua. Noiz hasten da zahartzaroa? 

Nazio Batuen Erakundearentzat, 60 urterekin. Norberak ikusiko du hori, baina zahartu egin garela antzemateko arrasto batzuk aipatzen ditut liburuan. Adibidez, gazteen kontra gauzak esaten hastea. Oso seinale larria da belaunaldi gazteak gu baino okerrago ari direla pentsatzea.

Kargu hartu izan digute noizbait zahar etxe idazteagatik. Zer da zaharra?

Bai, eta zaharrak trapuak eta trasteak direla esango dizute halakoetan, ezta? Bakoitzak jar diezaiola bere buruari nahi duen izena, baina ni zaharra naiz eta ez dut ulertzen zergatik ezkutatu behar dudan, ez eta zergatik disimulatu behar dudan ere.

Zergatik lotsatzen gaitu zahartzeak?

Gizartearekiko geneukan paradigma aldatu egin zelako duela mende erdi bat. Ordura arte, helduaroa zen bizitzaren gailurra eta gazteek merituak egin behar zituzten pertsona serio gisa hartuak izateko. Geroztik, bizitzaren gailurra gaztaroa da, eta handik aurrerakoa, amildegirako bidea. Orain, gazte da on, eta zaharra da txar. Beste alde batetik, uste dut zahar hitza ez dela viejo hitza bezain gordina. Dena den, zer uste duzu esan beharko geniokeela zahartzaroan dagoenari haurtzaroan dagoenari haurra esaten badiogu, gaztaroan dagoenari gaztea eta helduaroan dagoenari heldua? Zahar hitza tabu bihurtu dugu, eta hor ari gara, borondate onenarekin, gero eta izen absurdoagoak sortzen, hirugarren adinekoak eta. Silver target da irakurri dudan azkena. Nork bere bideak topatzen ditu zahar horri iskin egiteko, baina niri alferrikakoa iruditzen zait ahalegin hori.

Kultura batzuetan oraindik miresmena zor zaie zaharrei. Nolatan onartu dugu guk hain erraz paradigma aldaketa hori?

Ez dakit. Nik 1968an kokatzen dut paradigma aldaketa hori, oso data seinalatuan. Ordutik, hemen ari gara, teatroa eginez eta gauza absurdoak esaten; adibidez, emakume bati ezin zaiola sekula adinari buruz galdetu. Zaharra naizela esaten dudanean eta loreak bota nahi dizkidatenean zera esaten didate: "Bai, zaharra izango zara, baina zure ideiak gazteak dira", onak direla esan beharrean. Baina ez, nire ideiak nire belaunak eta aldakak bezain zaharrak dira, eta izan daitezke onak edo txarrak. Gertatzen dena da gizadiaren historian lehen aldiz belaunaldi oso batek erraz gainditu duela 80 urteko adin-muga, zientziari esker, eta tarte horretan bizitza hainbeste aldatu da, ezen ezin den zahartzeko modu tradizionala garatu. Eta nik ez diot ezer esango zahartzaroa modu tradizionalean bizi nahi duenari, ezpada zorte ona opa. 

Zeintzuk dira deusezta beharko genituzkeen topikoak?

Zaharrak umetu egiten diren ustea da kaltegarrienetako bat, haurra, definizioz, beste norbaiten mende dagoena delako. Eta beste uste oker bat litzateke pentsatzea zahartzeak jakintsu egiten gaituela. Zuen ilusioa zapuztea izango da, beharbada, baina gezurra da. 

'Zaharra ez da izandakoa luzaroan dena baizik', kantatzen zuen Mikel Urdangarinek, eta horixe esatera zetorrelakoan geunden: gaur baino argiagoak izango garela bihar.

Ez, ba.

Zerk haserretzen zaitu?

Bereziki, erakundeetatik iradokitzen dutenak: zaindu beharreko jendea garela zaharrok. Bai, bale, zainduak izan nahi dugu, eta geuk nahi dugun moduan zainduak, gainera, baina beste edozein adinetakoek nahi duten bezalaxe. Giza eskubideak ez dira iraungitzen adinarekin; hil arte dagozkigu. Behin adin batera ezkero, gizarteak zera esaten digu: "Deskantsatu egunean 24 ordu eta astean zazpi egun, eta ondo pasa, baina egizu hori guztia erabakiak hartzen diren lekuetatik kanpo; erabakiak hartuko dituzte beste batzuek zure onerako". 

Zein litzateke zahartzeko eredu berria?

Ez dago orokortzerik, baina esango nizuke zaharrok ikasi egin nahi dugula. Zahar tradizionala irakasteko zegoen, txapa sartzeko inguruan zuen belarriari. Oraingo zaharrok ez gara atzera begira bizi; aurrera ere begiratu nahi dugu. Gutxieneko pentsioa bera nobedadea da. Lehen ez zegoen hori. Orain, pentsio batzuk eskasak dira oso, baina ez dago pentsiorik jasotzen ez duenik. Tira, bat bai, Juan Carlos Espainiako erregeak esan baitu bera dela Espainia osoan pentsioa jasotzen ez duen bakarra. Jakituria transmititzeko modua ere aldatu egin da, eta ez naiz bizi esperientzia transmititzeaz ari, ezpada ofizio bat irakasteaz. Lehen, zaharretik gaztera transmititzen zen ezagutza; orain, behetik gora ere asko.

Pentsioak eta eskubideak aipatu dituzu. Zahar asko dabiltza borrokan.

Bai, eta zahar horien artean ikusten ditut ikastolak sortu zituztenak, alderdi politiko klandestinoetan parte hartu zutenak... ikusten ditut beste bizipen bat dutenak, ikasi dutenak bizitzan zehar zer egin behar den norberaren eskubideak eta gizartearenak defenditzeko. Motxila hori duten zaharrak dira; izan ere, badirudi batzuetan zahar guztiak berdinak garela, eta ez; ez gara, gazte guztiak berdinak ez diren bezala.

Ez dugu hil nahi; ez dugu zahartu nahi; gehienez ere, jubilatu egin nahi dugu. Zer barneratu beharko genuke?

Gizartea aldatzeak eman digula lehen ez genuen aukera bat, eta orain aukeratu egin dezakegula, nork bere ahalmenen arabera, nola zahartu nahi dugun. Zahartzaro tradizionalean dena zegoen arautua. Orain, ez.

Herriz herri ari zara hitzaldiak egiten. Zer profiletako jendea inguratzen zaizu? Eta zergatik dela uste duzu?

Emakumeak, gehienbat, baina bestelako hitzaldietan ere hala izaten da. Unibertsitatean azkena egin nuen hitzaldi batean emakumeak izan nituen entzuleen %90, eta galdetu nien: "Non daude zuen adinkide gizonezkoak?". Eta gizon batek erantzun zidan: "Kanposantuan". Izan daiteke hori, gazteago hiltzen direla batzuk, baina emakumeok eta, modu nabarmen batean behin adin batera ezkero, ikasi egin nahi dugu. Gertatu izan zait beste hau ere: gizon bakan batzuk izan aretoan eta galdera-erantzunen tartean haiek bakarrik hartzea hitza, eta, askotan, gainera, ez jakin-minez, baizik eta txapa sartzeko. 

Gaia zahartzaroa izanda, izan daiteke, baita ere, emakumeok behartuago sentitzen garelako zahartzaroa disimulatzera?

Bai, bai. Baina gero eta gizon gehiago jausten dira tranpan.