Martxoaren 8a (2026)

Diskurtso antifeministak arbuiatu eta berdintasunaren alde egiteko elkartu dira Mendaron

Ainara Argoitia Arano 2026ko martxoaren 8a

Diskurtso antifeministak arbuiatu eta mundu berdinzaleago baten alde egiteko elkartu dira gaur Mendaron Martxoaren 8aren harira Udalak egindako deialdira batu diren herritarrak. 

Berdintasuna defendatzeko eta aldarrikatzeko dei egin dute asteon Mendaroko  Udalean ordezkaritza duten bi alderdiek Eudelen adierazpen instituzionalarekin bat eginda. Nabarmendu dute feminismoaren diskurtsoa "zokoratzen eta zalantzan jartzen" ari direnak gero eta gehiago direla, bai komunikabideetan eta bai sare sozialetan, eta horren kontra egitera deitu dute. "Mugimendu antifeminista baten goraldian gaude gaur egun, diskurtso erreakzionario eta misoginoetan adierazten dena.  Narratiba horiek oinarrizko konkistak zalantzan jartzea, nahasmendua sortzea eta indarkeria matxistaren existentzia deslegitimatzea bilatzen dute.  Diskurtso antifeministak erasoaldi politiko eta kolektiboki antolatua osatzen dute, eta eztabaida publikoan ezin dira beste iritzi bat bezala onartu", dio Udalak bere egin duen  oharrak. Berdintasunik gabe demokraziarik ez dagoela azpimarratu dute, eta "errespetuan, askatasunean eta duintasunean oinarritutako" gizartea aldarrikatu. Orain arte lortutako eskubideak arriskuan egon daitezkeela ohartarazi dute, eta gogorarazi dute elkartuta egotea ezinbestekoa dela  haiek irmo defenditzeko. Hona hemen, Eudelen adierazpen osoa.