Basotik Fundazioaken 'Desioen basoa' ekimenean parte hartu du Mendaroko ikasle talde batek

Ainara Argoitia Arano

Basoen balioari buruzko kontzientzia hartzeko, Desioen basoa ekimenean parte hartu dute Mendaroko 10-11 urteko ikasleek. Basotik Fundazioaren ekimena da, eta herritarrak basoen zaintzan inplikatzea dauka helburua.

Gipuzkoako hainbat eskualdetan garatzen ari dira proiektua Basotik Fundaziokoak. Tailer-programa bat da funtsean. Ordubeteko saioetan, ikus-entzunezko materiala ikusi eta fitxa didaktikoak lantzen dituzte ikasleek, taldeka. Lau bloketan banatzen dute tailerra, eta bloke bakoitzean gai bat lantzen dute: basoaren testuingurua eta funtzioak, espezieen ezagutza eta identifikazioa, baso kudeaketari buruzko gogoeta, eta horrek biodibertsitatean, lurzoruan eta uretan duen eragina. Saioa amaitzeko, arbola txiki bat oparitzen diete eskola-umeei, inguruan landa dezaten, eta halaxe egin dute Mendaroko eskola-umeek.

Azken batean, gazteak basoen zaintzan inplikatzea bilatzen du programak, fokua basoen abandonuak eragindako arriskuetan jarrita: suteak eta ingurumen arriskuak. Basotik Fundaziotik ohartarazi dute klima aldaketaren mehatxuaren aurrean, irtenbide integralak bilatu behar direla lurralde-oreka berdea babesteko, CO2 xurgapena handitzeko, uraren eta lurzoruaren kalitatea hobetzeko eta habitatak babesteko. Horregatik, herritarrak eta sektore ekonomikoak basoen kudeaketa jasangarrian inplikatzea ezinbestekoa ikusten dute.