Kadeteen txirrindularitza lasterketa jokatuko dute zapatuan Mendaron

Ainara Argoitia Arano 2026ko martxoaren 11

Mendaro Herria Saria lasterketa jokatuko dute zapatuan, martxoaren 14an, kadete mailako txirrindulariek. Mendaroko Txirrindulari Elkarteak antolatu du lasterketa, eta aurtengoa bosgarren edizioa izango da.

16:00etan abiatuko da tropela, Herriko Enparantzatik, eta Bergarako Labe Garaietarainoko bidea osatu beharko dute, 48 bat kilometro guztira. Irteera-puntuan bertan izango du helmuga lasterketak, eta, ondo bidean, 17:12 alderako espero dituzte lehenengoak.

Herrikoak bertakoak, hiru

Lasterketan Debabarreneko txirrindulariek ere parte hartuko dute. Bihar, osteguna, dute ixtekoa izena emateko epea, eta antolatzaileak ez dira ausartu zapatuan irteeran eskualdeko zenbat txirrindulari izango diren zehaztera, baina azpimarratu dute Mendaroko hiru txirrindulari, behintzat, parte hartzekoak direla, Elgoibarko Lagun Taldekoak hirurak (Besa-Gemini): Oier Arriola, Zugatz Iraolagoitia eta Enaitz Iraolagoitia. Txirrindularitzarako afizioa sortzea du hasieratik helburu Mendaroko Txirrindulari Elkarteak, eta elkarteko presidente Ander Zulaikak herritarrei dei egin die harrobiko txirrindulariak animatzera joan daitezen. Coviran denda parean hasi eta amaituko da lasterketa.