Aulki batean eseri eta orduak eman daitezke Motxaila Herriaren maketari begira. Fantasiazko ipuinetako herri sorgindu baten traza du lehen begi kolpean, baina Mendaro herriaren bereizgarri diren hainbat elementu ere badaude bertan; nagusiki, ura, errekasto eta ur-jauzi itxuran. Mendaron bertan eta Debako hondartzan batutako material naturalak eta beste hainbat material birziklatu erabili dituzte maketa sortzeko, kontserba-latak, fruta kaxak eta abar, eta detaile txikienak ere mimoz daude zainduta.
Sormenerako duten trebeziagatik ezagunak dira Basurto eta Horrillo Mendaron, azkeneko azoketan ere irten direlako kalera beren eskulanak erakustera, baina aitortu dute eurak ere harritu direla sortu dutenaz, pieza guztiak elkarren ondoan jarri eta begiratzeko tartea hartu dutenean. Urtebetetik gora eman dute maketan lanean, nork bere aldetik, eta joan den zapatuan eraman zituzten ikastolara pieza guztiak, gaur dutelako aurkeztekoa, Motxaila Egunaren bezpera; 17:00etatik 20:00etara egongo da bisitatzeko aukera. "A zelako hustua hartu duen nire etxeak!", bota du Basurtok. Mendaro ikastolako zuzendaritzak laga die erakusteko lekua, eta ekainera bitartean hantxe izango dute ikusgai maketa: "Oso eskertuta gaude zuzendaritzakoekin. Kilimona aurkeztera etorri ginen ikastolara Motxaila Elkartetik, irudipena geneukalako Motxaila Eguneko bertso saiora joan izan direnek bakarrik ezagutzen zutela, eta esku-zabalik hartu gintuzten. Ekainera bitartean izendatuko ditugu ziur aski egun batzuk jendea ikustera etor dadin, eta gero, beste norabait eramango dugu, ziurrenik, botatzeko ez gaude eta".
Elgoibarko Gabon zahar feria egun batez parrokiako jaiotza ikustera joan zirenean bururatu zitzaien Motxaila Herria sortzea. "Nik baneukan etxe bat sortuta eta Amagoiak ere egina zeukan beste bat, eta esan genuen: etxeak egiteko gai bagara, zergatik ez dugu herri bat sortuko". Pentsatu eta egin. Saskia hartu eta minak arintzeko egunero egiten zituen ibilietan adaxkak, ezkurrak, pinaburuak batzeari ekin zion Basurtok. Eta Horrillo ere buru-belarri jarri zen sortzera, Gabon inguruan. "Niretzat terapia modukoa izan da hau. Minez nagoen egunetan burua beste zerbaitetan entretenitzeko aukera eman dit honek". Konta ezinbeste ordu sartu dituzte txiri-txiri lanean, eta Gabon bueltan Mari Domingiren ipuina sortu zuten Instagramerako, ordura arte sortuak zituzten piezak ingurune naturaletara eraman eta bideoa grabatuta. Akuilurik ez dute behar sormena martxan jartzeko, eta erakutsi dute. Orain, atseden pixka bat hartu eta ipuin bat idatzi nahiko lukeela aitortu du Basurtok, eta maketa osatzen joateko pieza berriak sortzeko asmoa du Horrillok; izan ere, tandem ona egiten dute.
Instagramen ere badute kontua txokotxiki2025