Etxeko lasterketa zuen gaurkoa Elgoibarko Lagun Taldeko harrobiko txirrindulari eibartarrak, eta pozarren zegoen helmugan, bai bera eta baita gainerako taldekide guztiak ere. Bigarren urteko kadetea da Barrueta, eta denboraldiko hirugarren lasterketa zuen gaurkoa. Joan zen astean Beasaingo lasterketan erorikoa izan zuen kilometro baten faltan lasterketa buruan zihoala eta arantza hori kendu ahal izan du gaur, lasterketa bikaina osatuta.
Beasaingo Inoxcra taldeko Eneko Otegi Ariztimuño sailkatu da bigarren postuan, eta Iruki taldeko Danel Conde Urabayenek egin du hirugarren. Taldeka, berriz, Iruki Donostialdea taldekoak izan dira nagusi. Aipatzekoa da, era berean, Elgoibarko Besa-Geminis taldeko Markel Diez arrasatearrak eskuratutako hamaikagarren postua ere. Lehenengo urteko kadetea da Diez. Mendaro bertako hiru txirrindularik ere jokatu dute lasterketa gaur: Zugatz Iraolagoitiak, Oier Arriolak eta Enaitz Iraolagoitiak, eta azken honek egin du hiruretan denborarik onena.