Mendaroko ondare naturalaren eta arkeologikoaren inguruko argibideak jaso dituzte herritarrek EHUko arkeologoen eskutik

Ainara Argoitia Arano 2026ko martxoaren 15a

Mendaroko Arno guraso elkarteak historiaurrera bidaia iragarria zuen gaurko Suharri elkartekoekin eta EHUko arkeologoekin batera, baina goizeko lehen orduan, irteera atzeratzekotan ere egon dira eguraldi txarragatik. Hala ere, euritako oinetakoak eta arropak jantzi eta abiatu dira, EHUko Mari Jose Iriarte eta Alvaro Arrizabalaga arkeologoak eta Suharri elkarteko Evaristo Rodriguez eta Oier Quiroga gidari hartuta.

Luxuzko gidariak izan dituzte gaur irteerara batu diren herritarrek, eta haien ahotik paleontologiari, arkeologiari, espeleologiari, hidrografiari eta beste hainbat konturi buruzko argibideak entzun dituzte, Mendaroko ondare naturalaren eta arkeologikoaren balioaz jabetzeko. Lizarrolako karobira arteko bidea egin dute oinez, eta bidean, Aitzbeltz eta Agarre kobazuloei buruzko azalpenak ere entzun dituzte. Arg.:Ion Urbieta