Hileko azken ostegunetan izango da Mendaron etxebizitza-bulego ibiltaria

Ainara Argoitia Arano 2026ko martxoaren 18a

Debabarreneko udalekin elkarlanean, eskualdeko etxebizitza-bulego ibiltari bat jarriko du martxan martxoaren 26an Debegesak, herritarrei etxebizitzen eta eraikinen birgaitzeari eta alokairurako eta energia-eraginkortasunerako laguntzei buruzko informazioa, orientazioa eta laguntza emateko, eta Mendaron, hileko azken ostegunetan izango da zabalik, 08:15etik 12:15era, Herriko Enparantza 10, behea helbidean. 

 

Aholkularitza pertsonalizatua jasoko dute herritarrek etxebizitza-bulegoan. Arreta egokia bermatzeko, aldez aurretik hitzordua eskatzeko eskatu dute. Mendaroren kasuan, interesa dutenek 675 873 853 (Leire Azpiazu) telefono mugikorrera deitu beharko dute ordua hartzeko. 

Mendaroko Udaletik zehaztu dutenez honako hauek izango dira etxebizitza-bulego ibiltariak emango dituzten zerbitzuak.

  • Herritarrei informazioa, orientazioa eta laguntza ematea etxebizitzak eta eraikinak zaharberritzeko Etxebideren laguntzen eskabideak aurkeztean, bai eta beste laguntza osagarri batzuei buruzko informazioa ere (EEE, udal-laguntzak, besteak beste), auzo-komunitateei nahiz pertsona partikularrei zuzendutakoak.
  • Etxebizitza hutsen alokairua bultzatzea, Eusko Jaurlaritzak eta udalek alokairua sustatzeko dituzten programak ezagutaraziz eta zabalduz, bai jabeei, bai balizko errentariei.
  • Gizarte-bonu elektrikoari eta termikoari buruzko informazioa eta aholkularitza, bai eta energia-horniduren (elektrizitatea, gasa...)  fakturak eta tarifak optimizatzeari buruzkoa ere, energia-gastua murrizteko fakturak errazago uler daitezen.
  • Energia berriztagarrien instalazioen eta birgaitze jasangarriko jardueren inguruan informatzea eta sentsibilizatzea, etxebizitza-eredu eraginkorragoa eta jasangarriagoa sustatuz.