Adiskidetasunaren inguruan ondu du Maraca Diablok 'Txaskario' diskoa

Ainara Argoitia Arano 2026ko martxoaren 28a

Hamar kantuko diskoa osatu du, nahiz CDan hamaikagarren bat ere gehitu duen, eta Mendaroko Morroskillo dendan eta Bandcampen dago salgai

Ina Iriondo musikariaren proiektua da Maraca Diablo, Anita Perez bikotekidearekin batera 2003an sortutako Munlet proiektuarekin paraleloan ibili duena, eta bi disko ditu bakarka emanda: Hail Zigurat! (2012) eta El Regreso del niño (2019). Pandemian, Josu Iriondo, Asier Etxaniz, Anita Perez eta Rafa Furnierrekin elkartu eta taldearen izen bereko diskoa eman zuten argitara: Maraca Diablo (2022). Orain, berriz, bakarkako lan berriarekin dator. Txaskario dauka izena diskoak, eta hamar kantuk osatzen dute, CDan hamaikagarren bat ere gehitu duen arren, opari. Txaskario Mendaroko Morroskillo dendan edo Bandcampen eskatuta eskura daiteke –maracadiablo@gmail.com–, eta plataforma digital guztietan dago entzungai.

Disko berria eskuan duela agertu da hitzordura Iriondo. Diseinu zainduko diskoa da Txaskario, koloretsua, belarritik sartzerako begiak bere egina duena. "Charlee Mito lagunak sortu dit diseinua, El Regreso del niño diskoaren azala eta diseinu grafikoa egin zizkidan lagunak", zehaztu du. 

Adiskidetasuna, oinarrian

Lagun gehiago ere bildu ditu Iriondok Maraca Diabloren laugarren lanean, baina. Izan ere, zerbait bada, hori da diskoa, adiskidetasunari eskainitako lana, izenburutik bertatik hasita. Angel Bazterretxea Mendaroko abade izandakoari (Mutriku, 1936 - Mendaro, 2019) zor dio izenburua. Samurtasunez erabili ohi zuen Bazterretxeak txaskario berba, eta hari zion kariñotik sortutakoak ditu Iriondok diskoko Txaskario I eta Txaskario II kantuak, Bazterretxeak herrigintzan egindako lanari balioa emateko Elgoibarko Izarrak 2023an sortu zuen Herrigintzan hauspo eta akuilu dokumentalerako soinu-bandaren parte direnak. Printzipio sozial eta politiko sendoko gizona izan zen Bazterretxea, herriarekin engaiatutako abadea, ezer ez zegoen lekuan proiektuak sortzeko bidea egin zuena, eta Iriondoren azalpen horretatik sortu du Mitok azaleko irudia.

Lagunen itzala suma daiteke Esan baietz eta Sr. Lavadora kantuetan ere. Diskoko hitz gehienak, hiru ez beste guztiak, bereak ditu Iriondok, baina Alaitz Vives lagunak eztei-ospakizun baterako sortutakoak dira Esan baietz kantukoak. Sr. Lavadora, berriz, gaztetako lagun min baten oroimenez sortutakoa du Iriondok. "23-24 urterekin elkarrekin joaten ginen kontzertuetara. Niño Gusano taldea zuen gustuko lagun hark. Hitz surrealistak ziren Niño Gusanorenak, eta hala dira Sr. Lavadora kantukoak ere. Hil zen laguna, baina beti oroituko dut". 

Lagunen berotasuna eta lagunen falta; biak kabitzen dira adiskidetasunean, eta biak uztartu ditu diskoan Iriondok. Lagunak kanta da, hain justu, lagunen faltari eskainitakoa. Haien abaroan ulertu du beti musika Iriondok, eta badu arantza bat Maraca Diablorekin, pandemian sortutako talde hari luzaroagoan eutsi ez izanarena. Pare bat single argitaratu eta hamabost bat kontzertu eman zituzten taldean Maraca Diablo diskoa aurkezten. Jo zuten Durangoko Azokan eta jo zuten Sevillako Monkey Week musika jaialdian ere, Etxepare Institutuaren eskutik. Baina gutxitu ziren kontzertuak, hein handi batean pandemian musika programatzen zuten aretoei jarri zitzaizkien trabengatik, eta, entseatzen jarraitu zuten arren, hoztu zen proiektu hura. Hala ere, sortu ziren proiektu berriak lagun talde hartatik. Josu Iriondo, Asier Etxanizek, Rafa Furnierrek eta konpainiak Txoteko Ezpata taldea sortu zuten, eta Maraca Diabloren laugarren lanak ere han nonbait du hazia, kantu guztiak 2024tik 2025era grabatutakoak dira eta. 

Musika, eguneroko ihesbidea

Iriondok aitortu du beretzat terapia dela musika egitea, eta egunero eskaintzen diola tarte bat, astiz larri ibilita ere. Diskoaren grabaziorako, betiko lagunak izan ditu ondoan. Rafa Furnierrek jarri du bateria Sidi Embarek kantuan, eta kaxoia Txaskario-n. Asier Etxanizena da Sidi Embarek-eko gitarra karrankaria eta Josu Iriondoren baxua entzun daiteke Sidi Embarek eta Esan Baietz kantuetan. Eta, jakina, etxekoak ere nahastu ditu proiektuan: Anita Perez bikotekideak sortu ditu Y volar kantuko hitzak eta melodia, eta harena da Sr. Lavadorako ahotsa, bai eta Sidi Embarek kantuko theremina ere, eta bien seme Eneko Iriondok jo du bateria diskoaren aurrerapena izan den Lore ederrena abestian. Diskoan bada, bestalde, euskal poeta handi baten itzala ere, Estepan Urkiaga Lauaxeta-ren poema baten oinarritutakoa baita Artzain baten erijotzean.

Iriondok aitortu du Maraca Diablo proiektua ez zuela zuzenekoetan pentsatzen sortu, Munlet zuelako horretarako, baina oholtzara ere iritsi zen Maraca Diablo, eta ez du ixteko ate hori. Diskoa bera bi zatitan entzutekoa izan daitekeela dio, eta hala eman ditu azalean ere kantuak, bereizita: bost kantu, batetik, eta beste bost, bestetik. "Argiagoak dira lehenengoak, publiko zabalago bati begirakoak, akaso, eta ilunagoak besteak". Martxoaren 6an eman zuen argitara Txaskario, "bi urteko atzerapenarekin", eta nahi luke zer bide egiten duen ikustea orain, hurrengo lanarekin tematu aurretik, baina aitortu du beste lan bat ere baduela esku artean, gaitzat Mendaroko motxailak izango dituena. "Ez dut presaz hartu nahi, baina; gustuz egin nahi dut. Baina bai, kantuak sortuta dauzkat, eta Amagoia Basurtok eta Egoitz Horrillok sortu duten Motxaila herriaren maketa pizgarria izan zait jarraitzeko. Disko horrekin eman nahi nuke kontzerturen bat, bai. Ea aukerarik dagoen"