Azken hunkigarria eskaini diote mendaroarrek Txirristaka tabernako ugazaba Juan Jose Loiolari

Ainara Argoitia Arano 2026ko martxoaren 28a

Nekez ahaztuko du azken laneguna Txirristaka tabernako Juan Jose Loiolak. Maiatzean itxiko zuela iragarri zuen, baina aurreratu du azkena, eta atzo eman zion lekukoa Virgilio Guanori. Eta herritarrek urteetan egindako lana eskertu zioten.

Ez du ahazteko izango 2026. urtea Juan Jose Loiolak. Mendaroko jaietan, omenaldi beroa egin zioten herritarrek, gazteenen ekimenez, eta atzo, beste horrenbeste. Bizi-Poza txarangakoei eskatua zien atzoko iluntzea girotzeko, eta hala egin zuten haiek. Herriko Enparantzan hasi eta Mendarozabaleraino joan ziren kalejiran, eta taberna aurrean hainbat pieza jo zituzten. Zabaldua zen ordurako ezustekoren bat izatekoa zela Txirristakan, eta inguratu zen jendea erruz taberna bueltara. Txarangak  hainbat pieza joak zituenean aterarazi zuten tabernatik Juan Jose Loiola ugazaba, eta Ainhoa Urbietak prestatutako bertso-sorta bat kantatu zioten aurrena. Ondoren, Iñigo Loiola eta Amaia Sukia trikitilari debarrek eta Leandro Esnaola eta Amaia Bergaretxe trikitilari mendaroarrek Errezil izeneko pieza jo zuten, Loiolak hain estimatua duena. Azaldu zutenez, tabernan trikitiarekin agertzen ziren aldiro eskatzen zien pieza hori Loiolak, baina jakin ez jotzen haiek eta ezin jo, harik eta atzorako propio ikasi zuten arte. Hunkituta entzun zituen Loiolak bai bertsoak, eta bai baita trikiti pieza ederra ere, baina ez zen hor amaitu herritarren omenaldia.

Izan ere, Bizi Poza txarangakoek beste opari eder bat zuten gordea harentzat. Egoitz Zulaika, Andoni Riaño, Ibon Kerexeta eta Egoi Motriko txarangakideek Donald Furlanoren Il silenzio kantua interpretatu zuten. Riañok eman zuen azalpena: "Behin kontatu zidan umetan aitarekin Elgoibarko Udal Musika Banda entzutera joan zen batean hunkituta gelditu zela kantu hori entzutean. Handik urte batzuetara jakin ei zuen zein zen kanta, eta aipatu zidan gauero entzuten zuela sasoi batean. Iruditu zaigu opari ederra izan zitekeela bere erretirorako"