Aizkorako lehietan irabazleen nagusitasuna oso argia izan zen. Emakumezkoetan, Oihana Fernandez de Barrena eta Uxue Ansorregi buruz buru lehiatu ziren. Nerea Arrutik osatu behar zuen finalean lehiatzekoak ziren aizkolarien hirukotea, baina uko egin zion lehiatzeari, min hartuta dagoelako. Fernandez de Barrena nagusitasenez gailendu zen finalean. Aizkolari arabarra Ansorregi baino azkarragoa izan zen bi lanetan: 45 ontzako enborrekin (01:48) zein 45 eta 54 ontzakoetan (06:23). Ansorregik irabazleak baino 14 segundo gehiago erabili zituen lehen enborra mozten eta 40 segundo gehiago bigarren lanean.
Gizonezkoetan, Julen Alberdi, Mikel Larrañaga eta Hodei Ezpeleta lehiatu ziren finalean. Hor ere Txikia IV.ak ez zien aukerarik eman aurkariei. 03:01eko denbora eginda bukatu zuen lehen proba: 45 ontzakoa zutik eta 60koa etzanda; eta 12 minutu eta 52 segundo behar izan zituen bigarren lana bukatzeko: 54 ontzakoa zutik eta 60ko lau enbor etzanda. Mikel Larrañaga sailkatu zen bigarren postuan, irabazlearengandik minutu bat eta 57 segundora. Hodei Ezpeleta mendaroarrak 18 minutu eta 9 segundo behar izan zituen, irabazleak baino 2:12 gehiago.
Harri-jasotzeko bi finaletan estuagoa izan zen lehia, eta bi zarauztar gailendu ziren. Gizonezkoetan, Mikel Lopetegi "Urra" gailendu zen eta Gari Garmendia izan zen txapeldunorde. Beñat Telleria ere sailkatuta zegoen finalerako, baina min hartuta dagoela eta ezin izan zuen lehiatu.
Emakumezkoetan Ainitze Zumetak eskuratu zuen titulua, Ane Atxutegirekin eta Malen Morandeirarekin lehia estua eduki eta gero.
