Izen ofizialik gabe daude Mendaroko erraldoiak. Herritarrek ezagunak dituzte, eta izen generiko bat edo beste badu bakarren batek, baina orain izena jarri nahi die Udalak. Horretarako sortu du lehiaketa, eta bi pausotan gauzatuko dute. Lehenengo pausoan erraldoi bakoitzeko izen bat proposatzeko aukera izango dute 12 urtez azpiko mendaroarrek (12koek barne). Horretarako, fitxa bat bete behar dute haurrek eta udaletxean, liburutegian edo ludotekan jarriko diren kutxetan utzi gero. Fitxak udaletxean, liburutegian, ludotekan eta ikastolan izango dituzte eskuragarri. Apirilaren 17ra arteko epea dago horretarako.
Ondoren, apirilaren 20an, izen guztiak jaso eta zerrenda bat osatuko dute udaletxeko langileek, eta zerrenda horretatik erraldoi bakoitzeko izen proposamen bat bozkatuko dute gero parte-hartzaileek. Bozketarako ere fitxa batzuk sortuko dituzte, eta ohiko lekuetan egongo dira eskuragarri. Apirilaren 27an zabalduko dute bozkatzeko epea, eta apirilaren 30era arteko tartea egongo da horretarako.
Udaletik jakinarazi dute lehiaketan parte hartzen duten guztiek jasoko dutela oroigarri bana. Maiatzaren 11tik aurrera eskatu ahal izango du nork berea, liburutegian.