Herri Urratsera joateko autobusa antolatu du Mendaroko In Leike kultur elkarteak

Ainara Argoitia Arano 2026ko apirilaren 13a

Ipar Euskal Herriko ikastolen alde maiatzaren 10ean Senperen egingo den Herri Urrats jaira joateko autobusa antolatu du Mendaron In Leike kultur elkarteak.

Lizeo berria eraikitzeko dirua biltzeko egingo dute aurten Herri Urrats, eta horri egiten dio aipamena Etorkizuna eraikiz aurtengo leloak. Izan ere "eraikiz" hitzak balioan jartzen du Herri Urrats jaietan jasotzen den sostengua zertarako erabiltzen den: ikastolak eraikitzeko. Bada, jai horretara gerturatzeko autobusa antolatuko du aurten ere In Leike kultur elkarteak, Debako Zuhatza euskaltzaleon mugimendukoekin elkarlanean. 

Autobusa 08:45ean irtengo da Mendaroko tren geltoki ondotik. Autobuseko txartelak 10 euro balioko ditu eta, Mendaroko kasuan, autobusean bertan ordaindu beharko da, esku dirutan. Izena emateko mezua idatzi behar da mendaroninleike@gmail.com helbidera. 14 urtez azpikoak heldu batek lagunduta joan beharko dira. Mezuan  bidaiarien izen-abizenak, adina eta telefono zenbaki bat zehazteko eskatu dute.