09:30ean Mintxetako aparkalekuan batzeko deia egina zuten antolatzaileek, handik Lastur aldera egiteko autoz. Baina eguraldi makurragatik plana aldatzera behartuta sentitu ziren antolatzaileak, eta hala, Arbilera barik Debako Ermittia Behekoa kobazulora joan ziren. Haur eta heldu, 40 bat lagun elkartu ziren guztira, eta talde hura eta eguraldia ikusita kezkatu ere egin zela aitortu du gidari lanak egin zituen Morkaiko Leizarpe taldeko Angel Maria Tobajas espeleologoak, labaindu eta norbaitek min hartzeko beldurra zuelako. "Baina kobazuloa oso lehor zegoen, eta minik hartu gabe ibili ginen denok. Esango nuke jendea oso pozik itzuli zela etxera, oso ondo pasatu baikenuen", adierazi du.