Haurren eta gazteen artean sentitzen dute euskara ahulen mendaroarrek

Ainara Argoitia Arano 2026ko apirilaren 20a

Euskararen egoeraz hitz egiteko saioa egin zuten Mendaron udaberriko oporraldi aurretxoan. Euskarak gaur Euskal Herrian duen egoera aztertu, eta Mendaroko Udalak eta UEMAk orain hurrengo herrian egindako inkestaren emaitzak aletu zituzten, non eragin beharko litzatekeen adosteko.

Ibon Aginaga UEMAko teknikariak gidatu zuen batzarra, eta euskararen biziberritze prozesuan Iñaki Iurrebaso soziolinguistak proposatutako paradigma aldaketa azaltzen hasi zuen saioa. Iurrebasok defendatzen du hizkuntza bat erabiltzeko erraztasuna eta gaitasun nahikoa izan behar direla, eta datu soziolinguistikoetan oinarrituta dio dagoen ezagutza-mailarako euskara asko egiten dela Euskal Herrian. Horren harira dio gaur egun euskal hiztunen %89,4 erdara nagusi den eremuetan bizi direla –2.454.002 hiztun–, eta %4,7, arnasguneetan, euskara nagusi den eremuetan. Horregatik, oso garrantzitsu deritzo arnasguneei eusteari, euskaldunenak diren zonetan ekarpen kuantitatibo handia egiten zaiolako euskarari. 

Erdaraz euskaraz baino errazago

Mendarora etorrita, B2 ahozko hizkuntza-gaitasuna duten 16 urtez gorakoen gaitasuna aztertu du UEMAk, biztanleria-zentsuetatik, Inkesta Soziolinguistikotik eta Espainiako Institutu Nazionalaren inkestetako datuetatik abiatuta, eta ondorioztatu du euskal gaitasuna nagusi duten hiztunak herritarren %30 direla: 482 guztira. Aldiz, erdaldun elebakarrak, erdaldun hartzaileak eta erdal elebidunak 793 dira guztira, hiztunen %49,5. Beraz, erdaraz euskaraz baino errazago aritzen direnak gehiago dira Mendaron, eta horrek, jakina, eragina du erabileran.

Euskararen kale erabilera neurtzeko egindako azken neurketa ofizialaren arabera –2021. urtean–, euskararen erabilera %43,9koa da Mendaron. 2 eta 14 urte artekoek egiten dute euskara gehien kalean, (%53,4), eta gutxien, 15-24 urte artekoek (%23,7). Datu kezkagarria da; bereziki, azken hori.

Erabilera haztatua, gainera, apalagoa da. Adin-tarte bakoitzean elkarrizketa kopuru bera aintzat hartuta kalkulatzen dute erabilera haztatua, eta, horrenbestez, zehatzagoa ere bada. Bada, azterketa horren arabera, euskararen etxeko erabilera %45,8koa da Mendaron, eta kale erabilera, %43,2koa. Bien artean egindako gurutzaketatik kalkulatzen dute hurbileko erabilera sintetikoa zenbatekoa den, eta horretan oinarritzen dira gero esateko arnasgunea betea edo erasana den; alegia, nagusitasun argirik gabeko udalerria den edo ez –erabileran euskararen pisua %40-60koa denean–. Herri baten euskalduntasuna neurtzeko baliagarria da, beraz, datu hori, eta, UEMAren arabera, udalerrien euskalduntasuna aintzat hartuta, Mendarokoak Gipuzkoako herritarren %72,3 baino ingurune euskaldunagoan bizi dira.

Laburbilduz, udalerri euskalduna da Mendaro, eta UEMAko kidea da 2017az geroztik, betetzen duelako uemakide izateko baldintza: euskaldunen indizeak %70eko gutxienekoa gainditzea. Hala ere, herritarren pertzepzioa da gero eta euskara gutxiago entzuten dela Mendaron. 

Euskararen kale erabilera 43,9koa da Mendaron

Mendaroarren iritzia

68 lagunek erantzun dute inkesta, eta erantzun dutenen %97,1k aitortu dute ondo egiten dutela euskaraz. 41-64 urte artekoek osatzen dute inkesta bete dutenen kopuru handiena (%80,9), eta hamarretik sei emakumeak dira. Esan bezala, gehienen ustez, hamarretik zortziren ustez, gero eta euskara gutxiago egiten da Mendaron; bereziki, umeen eta gazteen artean. Baina bada immigrazioaren kontua aipatu duenik ere; atzerritik etorri eta euskarara gerturatu ez direnak gero eta gehiago direla uste dute haiek, eta arazo bat ikusten dute hor.

Euskara indartsuen herriko kultur eskaintzan eta familia-giroan ikusten dute inkesta erantzun dutenen erdiek baino gehiagok. Apalen, berriz, ingurune hauetan eta hurrenkera honetan: haurren artean (%73,5), gazteen artean (%48,5), sare sozialetan (%42,6), lagunen arteko harremanetan (%33,8) eta gurasoen artean (%29,4). Hutsune nagusiak begiz jota, non eragin beharko litzatekeen aztertzen jardun zuten bilerara bertaratutakoak, talde txikietan.

Non eragin edo zeri eman lehentasuna? Galdera hori egin zien Aginagak. Erronka ere jarri zien: 2035erako helburu batzuk adostea Mendaro euskaldunagoa egiteko. Erlojuaren kontra bete zuten ariketa izan zen hori, denbora gainera etorri zitzaielako, baina, hala ere, ekarpen batzuk egin zituzten; besteak beste, euskalduntasuna sustatzeko ekimenak sustatzea, euskarak dena lortu duen ustea zabalduegi ikusten dutelako, eta, bestetik, euskararen eta euskal kulturaren transmisioa gozamenetik egiteko moduak aztertzea, iruditzen baitzaie euskara bere soilean transmititzen dela, oraindik orain, gehiegitan. 

Ekarpen guztiak jaso dituzte UEMAk eta Udalak, eta aurreratu dutenez, horietan sakontzeko bigarren saio bat egitea aztertzen ari dira orain.